Gizartea -
Erasoa
Aritz Otxandiano Fagorren Jasangarritasun arduradunaren etxeari bengalekin eraso diote
Otxandianok berak sareetan azaldu du "berriztagarrien eztabaidaren harira lehenago ere mehatxuak eta pintadak" egin izan dizkiotela, baina oraingoak "muga guztiak gainditu dituela". Eusko Jaurlaritzak irmoki gaitzetsi du erasoa.
EITB Media
Aritz Otxandiano Fagor Taldearen Jasangarritasun arduradunaren etxearen kontra bengalak jaurti zituzten astearte goizaldean, berak Bluesky sare sozialean duen profilean salatu duenez. Zorionez, erasoan ez da inor zauritu eta ez da kalte larririk izan, horren esanetan.
Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailearen anaia ere bada Aritz. Azaldu duenez, 01:00 aldera, 7-10 pertsonako talde batek bi bengala jaurti zituen etxearen kontra, eta bi autotan ihes egin zuten.
Otxandianok berriztagarrien eztabaidarekin lotu du erasoa, eta salatu du aurretik ere "mehatxuak eta pintadak" egin izan dizkiotela. Nolanahi ere, "familiaren aurka modu horretara eraso egiteak muga guztiak" zeharkatzea dela kritikatu du.
Azpimarratu duenez, gai horri buruz duen jarrerari eutsi dio, "konbikzio osoz", erantsi du. Horren ustez, "Trumpen kapitalismo fosilaren aurrean, eskala guztietako berriztagarrien hedapen justu eta ordenatua oinarri duen eraldaketa ekosoziala da alternatiba".
Bart gauen gure etxearen aurka 2 bengala jaurti dituzte. Testiguen arabera 7-10 lagun izan ziren, eta 2 kotxe ezberdinetan ihes egin zuten. Ez da ezer larririk gertatu, baina gerta zitekeen.
— Aritz Otxandiano (@aritzotxandiano.bsky.social) 23 de abril de 2025, 20:21
Berriztagarrien inguruko eztabaidaren harira lehenago ere mehatxuak eta pintadak jasan izan ditut, baina nire familiaren aurka modu honetara eraso egiteak muga guztiak gainditzen dituela iruditzen zait.
— Aritz Otxandiano (@aritzotxandiano.bsky.social) 23 de abril de 2025, 20:21
Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, irmoki gaitzetsi du eraso hau. Euskal Telebistako "En Jake" saioan egin dioten elkarrizketan, Jaurlaritzaren izenean adierazi du "onartezina" iruditzen zaiela eta gaur egun ez dutela lekurik gehitu du. "Errespetua eskatzen dugu, errespetua guztiontzat", esan du.