Gizartea -

SEXU-INDARKERIA

Zinemaren eta ikus-entzunezkoen industrian lan egiten duten 10 emakumetatik 6k sexu-indarkeria jasan dute

Nerea Barjola politologo eta ikertzaile feminista bizkaitarrak eta Barbara Tardon ikertzaileak egindako azterlanaren arabera, sexu-indarkeria "normalizatuta" dago sektorean eta erasotzaileak babesten dituen inpunitate sistema bat dago indarrean.

Eskuak morez margotuta, indarkeria matxistaren aurka. Artxiboko irudia: EITB Media
Eskuak morez margotuta, indarkeria matxistaren aurka
Eskuak morez margotuta, indarkeria matxistaren aurka. Artxiboko irudia: EITB Media

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistak gizarteko alor guztiak kolpatzen ditu, baita zazpigarren artea ere. Zinemaren eta ikus-entzunezkoen industrian lan egiten duten 10 emakumetatik 6k sexu-indarkeria jasan dute beren lanean, adina edozein dela ere, Emakume Zinegileen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Elkarteak (CIMA) ostegun honetan zabaldu duenez.

Nerea Barjola politologo eta ikertzaile feminista bizkaitarrak eta Barbara Tardon ikertzaileak egindako azterlanaren arabera, sektoreko 20-50 urte bitarteko emakumeen % 60k baino gehiagok onartu dute sexu-indarkeria motaren bat pairatu izan dutela lan-esparruan. 

'Isilunearen ondoren. Emakumeen aurkako sexu-indarkeria eta abusuak zinemaren eta ikus-entzunezkoen sektorean' izeneko txostenak jasotzen duenez, sektoreko "emakumezko profesional guztiek" sexu-indarkeria moduren bat jasan dute.

Era berean, biktimek salatzeko dituzten zailtasunak nabarmendu ditu. Biktimen % 92k ez dute salatu, nahiz eta % 94k gertuko pertsona bati kontatu dioten.

Elkarrizketatutako emakumeen % 76,3k uste dute "zinemaren eta ikus-entzunezkoen industrian botere karguetan dauden pertsonek "sarritan" edo "oso maiz" beren autoritatea baliatzen dute sexu-erasoak egiteko.

Sexu-erasoak hiru esparrutan banatu dituzte: hitzezkoak, fisikoak eta digitalak. Ikerketan parte hartu duten emakumeen % 81,4k hitzezko jazarpena jasan dute; % 49,5ek, fisikoa, eta % 22,3k, digitala.

Sexu-indarkeria "normalizatuta" egoteaz gain, erasotzaileak babesten dituen "inpunitate sistema bat" indarrean dagoela ondorioztatu du ikerketak.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Espainia gaur Gizartea albisteak Genero indarkeriaren biktimak Zinema Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Mundu matxista