Gizartea -
Osakidetza
Ospitaleratuei eskumuturrekoan jartzen zaien ikur batek identifikatuko ditu arreta euskaraz jaso nahi dutenak
Identifikazio ikurra 'e' letra xehea izango da, behealdean 'euskaraz' legenda duela. Orain arte, 370.000 pazientek euskara lehenetsi dute harremanean. "Ahal den guztietan" euskaraz erantzungo zaie, Osasun Sailak zehaztu duenez.
Agentziak | EITB Media
Osakidetzaren sisteman ospitaleratutako pazienteei eskumuturrekoan jartzen zaien ikur batek identifikatuko ditu arreta euskaraz jaso nahi duten erabiltzaileak. Orain arte, 370.000 pazientek lehenetsi dute hizkuntza hori harremanean.
Ohar batean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu du identifikazio ikurra 'e' letra xehea izango dela, eta azpian 'euskaraz' legenda duela. Eskumuturrekoetan datu pertsonalak, hala nola izena, abizenak, jaiotze-data eta historia klinikoaren kodea, jasotzen dira.
Eskumuturreko identifikatzailea ospitaleko pazienteen ibilbide osoan ikus daitekeen osagai bat da. Nahitaez jarri behar da ospitaleko larrialdietara sartzen denean, eta sendagiria jaso arte ez da kentzen.
"Ahal den guztietan"
Berrikuntza hori prozesuaren kalitatea hobetzea helburu duen proiektu zabalago baten parte da, pazienteen lehentasunezko hizkuntza aitortuz eta euskara lehenesten dutenak identifikatuz, "ahal den guztietan" hizkuntza horretan artatuak izan daitezen.
Osakidetzarentzat, egoera zaurgarrian dauden pazienteek aukeratutako hizkuntza erabiltzeak "segurtasun eta konfiantza espazio bat sortzen laguntzen du, eskaintzen den arretaren kalitatea hobetzeko".
Gogora ekarri du duela hamarkada batetik hona Osakidetzak erregistratzen duela herritarrek osasun eremu publikoarekin izan nahi duten lehentasunezko hizkuntza.
Profesionalen artean erabili ohi diren arreta informazioko sistema nagusietan txertatzen da, pazienteen hizkuntza lehentasunen berri izan dezaten.