Gizartea -
Gasteiz
Amaitu dituzte Santa Maria Katedralaren eraberritze lanak, 25 urte eta 50 milioi behar izan dituztenak
Santa Maria Katedrala Fundazioak nabe nagusiaren estalkiaren zahaberritze lanak aurkeztu ditu, bai eta balkoi begiratoki berria ere, mugikortasun mugatua dutenentzat irisgarria eta gangen goiko aldea eta erdiko nabearen estalpeko espazioa ikusteko aukera emango duena.
EITB Media
Gasteizko katedral zaharraren eraberritze lanak amaitu dituzte dagoeneko. 25 urteko lana izan da eta 50 milioi euroko kostua izan dute.
Ostiral honetan aurkeztu dituzte, hain zuzen ere, lan horietan azkenak izan diren elementuak: 10 urte iraun duen teilatuen eraberritzea, eta erdiko nabearen estalpean eraiki duten balkoi begiratokia.
Gasteizko katedral zaharra, gotiko estilokoa eta XIII. mendean eraikia oso hondatuta eta erortzeko arriskuan zegoen eta 1994an ekin zitzaioen haren zaharberritze prozesuari. Halere, 2000. urtean sortu zen obrak aurrera eraman dituen fundazioa, eta lanen zatirik handiena 2007tik aurrera egin da.
Zaharberritze-prozesu hori inspirazio-iturri izan da Ken Follet eleberrigileentzat, eraberritze prozesu horren inguruan Santa Maria Katedrala Fundazioak urteetan emandako dokumentazio eta informazioarekin elikatu baitzen haren Un mundo sin fin lana.
25 urte hauetan (fundazioa sortu zenetik hona) bi milioi bisitari igaro dira tenplutik Obretan eta irekita izeneko programa batean. Horri esker, turistek 'in situ' ikusi ahal izan dute eraikin gotikoa nola berreskuratzen zen.
Iaz 103.000 bisitari izan ziren -zenbakituak eta ordainpekoak dira sarrera.
Estalki berriarekin ura husteko sistema osoa berrantolatu da, eta zurezko egiturak eta babes-isolamendu termikoa hobetu dira.
Gainera, balkoi begiratoki berria eraki dute, mugikortasun mugatua dutenentzat irisgarria eta gangen goiko aldea eta erdiko nabearen estalpeko espazioa ikusteko aukera emango duena. Dorrearen bisita egiten dutenek izango dute balkoi horretara sarbidea.
Katedrala osorik bisita daiteke dagoeneko, eta zaharberritze-lanak nolakoak izan diren ikusteko aukera izango da, kripta museoan hasi, et erronda-pasealekutik eta triforiotik igarota, dorreraino igotzen den ibilbide batean; orain, tenpluaren barrualdera ematen duen barruko balkoi horretatik ere igaroko da ibilbidea.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi eta Katedrala Fundazioko presidenteak eta Jon Lasa Fundazioko zuzendariak azaldu dutenez, datozen asteetan ospatuko da fundazioaren 25. urteurrena, eta orduan jakinaraziko dira tenpluaren etorkizuneko urratsak, zaharberritzea amaituta, mantenua baino ez baitu beharko eraikinak aurrerantzean.
Helburua eraikinaren izaera erlijiosoa eta kultura-erabilerak uztartzea izango da, ordainpeko bisita gidatuak mantentzeaz gain.