Gizartea -

Ertzaintza

1.387 ertzainek kamerak eramango dituzte soinean, beren jardueren "segurtasuna eta gardentasuna" bermatzeko

Gaur egun, 877 agentek dute banakako grabazio-sistema. Helburua da "polizia-agenteei segurtasun juridikoa ematea, agintaritza judizialari zigor-arloko arau-haustea egin izanaren froga-elementuak emateko eta beren jardueren gardentasuna bermatzeko".

Ertzaintzako agente bat, 'Bodycam' batekin. Irekia.
Ertzaintzako agente bat, 'Bodycam' batekin. Irekia.
Ertzaintzako agente bat, 'Bodycam' batekin. Irekia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 1.387 grabazio kamera edo bodycam izango ditu aste gutxiren buruan, iazko urtearen amaieran bi milioi euroko aurrekontuarekin erosi ziren gailuak banatzen direnean. Horiek erabilita "jarduera polizialetan segurtasuna eta gardentasuna bermatzea" izango dute helburu. 

Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, gaur egun ertzain-etxeetako eta Brigada Mugikorreko 877 agentek eramaten dituzte kamerak soinean. Grabazio sistema horien hedatzea "3-Ikusle" egitasmoan kokatzen da, eta horren proiektu pilotua 2021 eta 2022 artean garatu zen Bilbo, Irun eta Gasteizko ertzain-etxeetan. 

Lehen proben ostean, Sestako ertzain-etxekoak izan ziren grabazio sistema hauek jasotzen eta erabiltzen lehenak, eta ondoren hasi ziren horiekin lanean Gasteizko eta Irungo agenteak ere. Gailuen lehen hedapen hori 2024ko urria eta azaroa bitartean egin zen. 

2024ko amaieratik 2025eko martxora bitartean, beste ertzain-etxe batzuetara zabaltzen joan ziren, modu mailakatuan eta beharraren arabera. Hala, gaur egun, Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Sestaoko, Irungo, Ondarroako, Durangoko, Laudioko, Urola Kostako eta Oriako ertzain-etxeetako agenteek dituzte kamera indibidualak. 

Brigada Mugikorreko agenteek ere badituzte kamera horiek. Orain, gailu horiek gainerako ertzain-etxeetara eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Trafiko Unitateetara hedatzen jarraituko dute. Prozesua amaitutakoan, 1.387 unitate egongo dira martxan. Segurtasun Sailak bi milioi euroko inbertsioa egin du. 

Bodycam edo banakako kamera horiek ezartzeak XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programako 38. konpromisoari erantzuten dio, programa horren 5. ekimenean jaso denez: "Polizia-agenteei banakako kamerak ematea, segurtasun juridikoa emateko, agintaritza judizialari zigor-arloko arau-haustea egin izanaren froga-elementuak emateko eta beren jardueren gardentasuna bermatzeko".  Banakako grabazio-sistema horiek erabiltzeak segurtasuna eta gardentasuna ematen die polizia-jarduketei, bai herritarren ikuspegitik, bai ikuspegi operatibotik.

Polizia Jarraibidea 

Bodycamak erabiliko dituzten ertzainek formakuntza jaso dute, kamerak nahiz horiekin lortutako irudiak modu egokian erabiltzeko. 

Era berean, Ertzaintzak Polizia Jarraibidea prestatu du banakako kamerak behar bezala erabiltzeko, betiere bideo-grabazioen arloan indarrean dagoen lege-esparrua errespetatuz.

Jarraibideak ertzainek banakako kamera mugikorrak erabiltzeko modua ere jasotzen du, haien jardueren gardentasuna bermatzeko eta delitu-egitateen aurrean frogen ekarpena hobetzeko.  

Lan-txanda bakoitzaren hasieran, ertzain bakoitzari kamera pertsonal bat esleituko zaio. Agenteek ziurtatu beharko dute kamera kargatuta eta erabiltzeko baldintza egokietan dagoela.

Kamera hori uniformearen aurreko aldean jarri beharko dute, eta azkar aktibatzeko moduan jarrita egon beharko du une oro. Agenteek aktibatuko dute grabazioa, jarduketa edo gertakari bakoitzaren inguruabarrak baloratu ondoren.

Besteak beste, "arau-hauste penalak daudenean, herritarren segurtasunean eragin larria duten arau-hauste administratiboak daudenean, bizitzarako edo osotasun fisikorako arriskua, mehatxuak edo eraso-aukera daudenean, atxiloketetan enfrentamendu-jokabideak daudenean, jende askoko ekintzetan, indarkeria- edo larderia-zantzuak daudenean edo herritarren segurtasunerako arrisku jakin bat agerian uzten duen beste edozein egoera dagoenean" aktibatu beharko dituzte.

Gainera, polizia-jarduketak aukera ematen duenean, ertzainek elkarreragiten ari diren pertsonari jakinarazi egingo diote polizia-jarduketa hori grabatu egingo dela.  

Arau-hauste penalak izan daitezkeen egitateak jasotzen dituzten grabazioak epailearen esku utziko dira, eta herritarren babesarekin zerikusia duten arau-hauste administratiboak badira, Ertzaintzaren Idazkaritza Nagusira bidaliko dira dagokion zehapen-prozedura hasteko, dagokion salaketa-txostenari erantsita.  

Segurtasun publikoaren arloko arau-hauste penal edo administratibo larriekin edo oso larriekin, abian den polizia-ikerketa batekin edo irekita dagoen prozedura judizial edo administratibo batekin erlazionatuta dauden grabazioak ez dira suntsituko organo eskudunek hala erabaki arte. Gainerako grabazioak gehienez ere hiru hilabeteko epean suntsituko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak