Gizartea -
EZBEHARRA
78 urteko emakume bat larri zauritu du Goñin txakur batek
Ezbeharra etxe partikular batean gertatu da 14:00ak aldera. Familiaren txakur batek hozka egin dio emakumeari aurpegian eta beso batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
78 urteko emakume bat larri zauritu da igande arratsaldean Goñin (Nafarroa), txakur batek hozka eginda.
SOS Nafarroa 112 larrialdiak kudeatzeko zentroak 14:00ak aldera jaso du ezbeharraren berri, eta inguruko osasun-taldea, bizi-euskarri aurreratuko anbulantzia bat (medikalizatua) eta helikoptero medikalizatu bat bertaratu dira berehala.
Antza denez, Goñiko etxe partikular batean gertatu da guztia, eta familiaren txakur batek egin dio eraso emakumeari.
Aurpegian eta besoan egin dio hozka, eta helikoptero medikalizatuan eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Larri ospitaleratu dute.
Foruzaingoko Ingurumeneko Ikerketa Taldeko kideek izapideak hasi dituzte erasoa nola gertatu den argitzeko.