Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: San Prudentzio eguna, konklabearen data eta laneko segurtasun eta osasunaren eguna
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko apirilaren 25ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- San Prudentzio eguna: Gasteizen eta Araban San Prudentzio eguna ospatuko dute. Eguna hasteko, 09:00etan, txistulari eta tronpeta jotzaileen bandak zortzikoa eskainiko dute. 12:00etan danborradak hiriko kaleak zeharkatuko ditu. Urtero bezala, festako gune nagusia Armentiako zelaietan egongo da. Meza eta prozesioa egin dituzte lehenik, eta aurreskuarekin eman diote amaiera erlijio ekitaldiei. Herri kirolak, haurrentzako ikuskizunak eta Niña Coyote eta Chico Tornado musika taldearen kontzertua izango dira.
- Konklabearen data: Bilera dute berriro kardinalek, eta baliteke, gaurkoa, konklabearen data erabakiko duen hitzordua izatea. Kapera Sistinoan batuko dira kardinal guztiak, eta data zehaztetik aparte, asmo dute akordioak ehuntzea, aita santu berriaren izena aukeratzeko bidean. Bederatzi eguneko dolua bukatuta, konklabea maiatzaren 5etik aurrera —eta maiatzaren 10a baino lehen— egin beharko dute, gehienez 20 eguneko epea baitute horretarako aita santua hiltzen denetik. Esan bezala, Erroman batzen diren kardinalak izango dira data erabakitzen dutenak (bi ez dira gaurko batzarrean egongo, osasun arazoak tarteko).
- Laneko segurtasun eta osasunaren eguna: Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, sindikatuek kontzentrazioak egingo dituzte Bilbon, bakoitzak bere aldetik. Halaber, lan segurtasunari buruzko iazko datuak jakinaraziko dituzte erakundeek eta sindikatuek.