Gizartea -
ospakizuna
Jendetza batu da San Prudentzio eguneko ospakizunetara
Danbor hotsak izan dira protagonista bart, eta eguna 09:00etan abiatu da ofizialki, zortzikoarekin. Ondoren, Armentiako zelaiak bihurtu dira jaiaren erdigune, ohiko erromeriarekin. "Santu pixontziak" ez dio bere izenari jaramonik egingo, eta eguzkia eta tenperatura atseginak nagusituko dira.
EITB Media
Arabak bere patroiaren eguna du gaurkoa: San Prudentzio. Ospakizuna bart abiatu da erretreta eta danborradarekin, eta elkarte gastronomikoen danbor hotsek Gasteizko kaleak hartu dituzte.
Ospakizunaren egitarau ofiziala 09:00etan hasi da, Arabako Zortziko edo San Prudentzioko Zortzikoarekin, Gasteizko Probintzia plazan. Arabako Foru Aldundiko Txistularien bandak eta Tronpetarien eta Atabalarien bandak jo dute doinu tradizionala.
12:00etan danborrada egin dute, Zeledonen Bilobak elkartearen eskutik. Honako ibilbidea egingo dute: Ahate Iturri plazatxotik hasi, hiriaren erdialdea zeharkatu, handik Erdi Aroko hirigunera, eta berriro buelta Ahate Iturri plazatxora. Arratsaldean, 17:30ean, etxeko txikiek hartuko dute lekukoa, Haurren Danborradarekin. Umeek egin beharreko ibilbidea honakoa izango da: Otxanda Andrearen dorrea-Jesusen Zerbitzarien kalea-Probintzia plaza-Andre Maria Zuriaren plaza-Prado-Katedral Berria-Vicente Goikoetxea-Probintzia plaza. Azkenik, eta haurren gozamenerako, Diskofamiliy ikuskizuna izango da Probintzia plazan, 18:45ean.
Jakina denez, Armentiako zelaiak dira San Prudentzio Egunaren bihotza. Ekitaldiak 11:00etan hasi dira han, prozesio eta mezarekin. Eguerdian ohorezko aurreskua dantzatuko dute Basilikaren aurrean.
Segidan, egitarau betea dago prestatuta. 12:00etan haurrei zuzendutako ikuskizun musikala izan da Kiki, Koko eta Mokoren eskutik ("Armonía, ¿donde estas?" du izena lanak), eta umeentzako puzgarriak ere izango dira. 12:30ean herri-kirolen erakustaldia izango da. Eloy Kortxero eta Oier Kañamares aizkorarekin izango dira, eta Julen Diaz, Mikel Marijuan, Eider Garcia Durana eta Elene Ostolaza, harriarekin. 18:00etan, Niña Coyote y Chico Tornadoren kontzertua izango da.
Arabarrek giro apartarekin gozatu ahalko dute antolatutako ekitaldiez. Izan ere, oraingo honetan ez du euririk egingo (San Prudentziori "santu pixontzia" ere deitzen diote, bustitik igaro ohi delako eguna). Kontrara, eguzkia eta tenperatura atseginak izango dira protagonista, 25 ºC-ra arteko maximoekin. Haizeak hego-ekialdetik joko du; zakar, leku garaietan.
Egitaraua ez da gaur bukatuko, ordea, eta aste osorako ekitaldiak antolatu ditu Gasteizko Udalak. Hala, bihar, asteartearekin, odola emateko aukera izango da Loma Jeneralaren plazan (09:15-13:30). Asteazkenean, Kalakanek kontzertua emango du Probintzia plazan, 21:00etan. Ostegunean, maiatzaren 1ean, Estibalizko Andre Mariaren eguna ospatzeko egitarau zabala dago aurreikusita.