Gizartea -
GOIDI-A
Sei hilabete Valentziako GOIDIa izan zenetik: 227 hildako, 64.000 enpresatan eragina eta milaka lagun kaltetu
Sei hilabete dira GOIDIak ehunka hildako eta 17.800 milioi euro baino gehiagoko kalteak utzi zituela Valentzia hegoaldean. Berreraikitzen ari diren arren, ondorio psikologikoek, batez ere adingabeengan, gero eta ardura handiagoa sortu dute.
EITB MEDIA
Sei hilabete dira Valentzia hegoaldean 200 hildako baino gehiago eragin zituen GOIDI bortitzetik.
Uholdeek 227 pertsona hil zituzten ofizialki (hildako bat haurdun zegoen, zortzi hilabetez) lagun bat agertu barik dago (hiru desagerturen bila jarraitzen dute, baina bi hilda daudela adierazi dute epaitegiek), eta 17.880 milioi euroko kalteak eragin zituzten.
Munduari buelta eman dioten irudiek erakusten dute tragediaren tamaina. Halaber, datuak izugarriak dira: uholdeek eragin larria izan zuten 306.000 pertsonengan, kaltetutako 11.000 etxebizitza baino gehiago izan ziren, suntsitutako ibilgailuak 141.000 dira eta 552 kilometro koadroko eremuan kaltetutako 64.000 enpresa baino gehiago daude.
Fenomeno haren ondorio fisikoak apurka-apurka gainditzen ari dira, baina badirudi psikologikoak indar handiagoz azaleratzen ari direla. Haur askok hondamendia aurrez aurre bizi izan zuten, eta kezkagarria da GOIDI horrek haiengan izan dezakeen eragin psikologikoa.
Tragedia gertatu eta sei hilabetera, adingabe askok ezin dute eskolara normaltasunez joan.
Biktima bereziki ahulak dira, eta uholdeek haurtzaroaren zati bat kendu diete. Horregatik, haurren osasun mentaleko zerbitzuak indartzeko eskatu diete administrazioei.