Gizartea -
DELITUAK
Talde kriminal baten bederatzi kide atxilotu dituzte Bizkaian, 70 lapurreta baino gehiago egitea leporatuta
Indarra erabiliz saltokietan lapurretak egin eta ibilgailuak lapurtzen zituen talde kriminal bat desegin du Guardia Zibilak, eta 24 pertsona atxilotu ditu Bizkaian eta Kantabrian.
AGENTZIAK | EITB Media
Bizkaia, Araba, Kantabria eta Burgoseko hainbat tokitan lapurretak egiten zituen talde kriminal bat desegin du Guardia Zibilak. Halaber, 24 pertsona atxilotu ditu, horietatik 9 Bizkaian (Sestao, Barakaldo, Basauri eta Bilbo) eta 15 Kantabriako Ramales de la Victoria udalerrian.
Espainiako Barne Ministerioak astelehen honetan zabaldu duen informazioaren arabera, gaur-gaurkoz, 24 saltokitan lapurretak egitea (estankoak, tabernak eta tailerrak), ibilgailuak lapurtzea eta argindarrarekin iruzurra egitea leporatzen diete. Hala ere, 70 lapurreta baino gehiago egin dituela uste dute.
Ikerketa pasa den otsailean abiatu zuten, Kantabria ekialdean —Ramales de la Victoria inguruan— eta erdialdean ondarearen aurkako delituak ugaritu zirela jabetuta.
Estanko edo saltoki batean lapurreta egiten zuten gauean bertan autoak ere lapurtzen zituzten inguruko udalerrietan, ikertzaileek egiaztatu dutenez. Are gehiago, hainbat ibilgailu erabiltzen zituzten lapurretak egiteko, eta ondoren ihes egiten zuten. Metodo hori erabilita, identifikatzea eta atxilotzea eragozten zuten.
Indarra erabilita saltokietako ateak eta kristalak hausten zituzten eta minutu bakar batean tabako kaxa ugari lapurtzen zituzten —50.000 euroko balioa zuten tabako kaxak, esaterako—.
Halaber, ikerketak aurrera egin ahala egiaztatu zuten Kantabrian ez ezik, antzerako lapurretak egin zituztela Araban, Bizkaian eta Burgosen.
Talde kriminalaren zati bat Ramales de la Victoriako eraikin okupatu batean bizi zen, eta beste zati bat Bizkaiko hainbat udalerritan.
Azkenean, apirilean atxiloketak eta miaketak egin zituzten modu koordinatuan Kantabrian (hamabost pertsona atxilotu dituzte) eta Bizkaian (bederatzi pertsona atxilotu dituzte).