Gizartea -
ITZALALDIA
Itzalaldi historiko batek kaosa eragin du Iberiar penintsula osoan
Egoera onbideratzen ari bada ere, oraindik argindar barik daude Euskal Herriko zenbait herritan. Red Electricak jakinarazi du 6-10 ordu beharko direla egoera bere onera ekartzeko.
eitb media
Argindarra joan da Euskal Herri eta Iberiar penintsula osoan 12:30 inguruan. Antza, itzalaldiak Espainiako Estatu osoan, Frantzia hegoaldean eta Portugalen ere izan du eragina, eta arazo ugari ari dira sortzen ospitaleetan, errepideetan, enpresetan, etxebizitzetan eta zerbitzu publiko ugaritan. Toki askotan segundo gutxi batzuetako kontua izan bada ere, hainbat eta hainbat lekutan orduak ari da irauten. 13:45ean hasi da argindar sarea bere onera etortzen pixkanaka EAEko eta Nafarroako udalerrietan.
____________________________________________________
ZUZENEAN: jarraitu hemen itzalaldiari buruzko azken ordukoa
_____________________________________________________
Larrialdi-zerbitzuek esan dutenez, ehunka dei ari dira jasotzen, horietako asko igogailuetan ez gora ez behera harrapatuta geratu diren herritarrek egindakoak. Tren, metro eta autobus zerbitzuetan arazo ugari sortu dira, eta baita ospitaleetan ere. Errepide sarean ere izan dira gorabeherak, baina ez da gertakari larririk jazo.
Ospitaleei dagokienez, arazo jakin batzuk egon badira ere, orokorrean ondo lan egin ahal izan dute, larrialdietarako dituzten azpiegiturak martxan jarrita.
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Krisi Mahaia eratu du itzalaldiaren ondorenak aztertzeko, eta Babes Zibileko Planaren alerta fasea jarri du martxan.
Imanol Pradales lehendakariak azaldu duenez, Euskadin argindarraren % 84 berreskuratu da 18:30erako: ia dena, Araban; % 88, Gipuzkoan; eta % 75, Bizkaian. Dena dela, agintariak nabarmendu du oraindik "ziurgabetasun orduak" geratzen direla, eta ohartarazi du: "Bihar ez da egun normala izango".
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eguerdian egin duen premiazko agerraldian, herritarrei "lasaitasuna" eskatzeaz gain, esan die 112 telefonoa larrialdi kasuetarako bakarrik erabil dezatela, "lineak ez kolapsatzeko".
Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak ere Larrialdi Plana aktibatu du, eta krisi kabinetea bildu du itzalaldi orokorrarekin sortu den egoera aztertzeko. Foru Exekutiboak ere, larrialdia izan ezean "112 SOS Nafarroara ez deitzea" eskatu du, kolapsoa ekiditeko.
Maria Chivite Nafarroako presidenteak esan du Foru Erkidegoan "normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko" lanean ari direla
Era berean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Segurtasun Batzordearen ezohiko bilera deitu du. Batzarraren aurretik, Red Electrica Españolaren egoitza nagusian izan da, bertako aditu eta arduradunekin.
Espainiako Gobernuko presidenteak ez du hipotesirik baztertu itzalaldiaren jatorriaren gainean, eta kausak direla eta ez espekulatzeko deia egin du. Horren haritik, agintariak azaldu du oraindik ez dagoela argi zerk eragin duen itzalaldia, eta egiezei jaramonik ez egitea eskatu du. Hori dela eta, "kanal ofizialen bidez" informatzea aholkatu die herritarrei.
Red Electrica Española
Arratsaldeko lehen orduan agertu da hedabideen aurrean Eduardo Prieto Red Electrica Española (REE) enpresa hornitzailearen arduraduna, azken orduko informazioaren berri emateko. Esan duenez, 6-10 ordu beharko dituzte egoera bere onera ekartzeko.
Bere hitzetan, oraingoz ez dakite zer arrazoi dagoen arazoaren atzean, baina aurreratu du sarearen "potentzia-fluxu handi" baten ondorio izan daitekeela.
Iberdrolak ere ez du xehetasunik zabaldu, eta ziurtatu du "pixkanaka" ari direla egoera onbideratzen Euskadin. Oraindik, hainbat herri daude argindarrik gabe.
Protokoloei jarraituz, oinarrizko zerbitzuetan, ospitaleetan, adinekoen egoitzetan eta pertsona zaurgarrien bizitokietan sare elektrikoa berrezartzea izan da lehentasuna konpainia elektrikoarentzat.
Metro Bilbao eta Euskotren
Garraio zerbitzu denetan izan du eragina itzalaldiak; Metro Bilbao, horietako bat. Adierazi dutenez, "orduak" beharko dituzte normaltasuna berreskuratzeko. 15:00etan oraindik argindarrik gabe zeuden.
Euskotrenen linea asko ere geldirik daude 12:30etik. Gipuzkoako zerbitzuak hasi dira poliki-poliki martxan jartzen, baina Bizkaian eta Araban etenda daude.
Renfe, Aena, finantza-erakundeak
Aenak zabaldutako informazioaren arabera, euskal aireportuetan ez du ia eraginik izan itzalaldiak, eta aurreikusitako hegaldiak orduan ari dira ateratzen eta lur hartzen. Oro har, ez da ohiz kanpoko atzerapenik egon.
Bere aldetik, Renfek azaldu du itzaldiaren eraginez "hainbat tren geldirik" daudela, eta aurreikusitako joan-etorri asko bertan behera geratu direla.
Finantza-erakundeen kasuan, ia denek esan dute larrialdietarako protokoloak aktibatu eta normaltasunez egin dituztela operazioak. Kutxazain asko, hori bai, zerbitzurik gabe geratu dira.