Gizartea -

EITB Data

Hego Euskal Herriko gaztedia Europakoa baino 4 urte geroago emantzipatzen da batez beste

EITB Dataren azken ikerketaren arabera, 30 urteren bueltan dago hemen gurasoengandik burujabetza lortzeko batez besteko adina. Azken hamarkadan igo egin da, apur bat bada ere. Hala, 18 eta 34 urte arteko gazteen % 30 bizi da gurasoen etxetik kanpora, Europako batez bestekoa baino % 20 gutxiago.

Hego Euskal Herriko gaztedia Europakoa baino 4 urte geroago emantzipatzen da batez beste.
Hego Euskal Herriko gaztedia Europakoa baino 4 urte geroago emantzipatzen da batez beste.
Hego Euskal Herriko gaztedia Europakoa baino 4 urte geroago emantzipatzen da batez beste.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken aldian egindako inkesta guztiek argi uzten dute Euskal Herriko gazteen arazo nagusietako bat etxebizitza dela. Gero eta zailagoa da gurasoen etxea uztea. Hala, burujabetza eskuratzeko batez besteko adina 30 urteren bueltan dago Hego Euskal Herrian; zehazki esateko, 30ekoa da EAEn eta 29koa Nafarroan. Europako batez besteko adina baino hiruzpalau urte gehiago da hori, han 26koa baita.

Hori da EITB Dataren azken txostenaren ondorioetako bat. Gazteak eta emantzipazioa aztertu ditu ostiral honetan EITBko hedabide guztietan azaltzen ari den ikerketak.

Ezberdintasun handiak daude arlo honetan Europar Batasuneko iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen artean. Eskandinaviako herrialdeetan 23 urte baino lehenago uzten dute gazteek gurasoen etxea. Alemanian eta Frantzian 24 urte da emantzipatzeko adina. Hegoaldeko herrietan, ordea, Portugalen, Espainian eta Italian kasu, batez beste, 30 urtera arte bizitzen dira gazteak gurasoekin; Euskal Herrian bezala.

Kontuan hartzekoa da, gainera, gure inguruan batez besteko adin hori atzeratzen ari dela apurka; 2011tik bi urte egin du gora.

Hori horrela, EITB Dataren txostenaren arabera, 18 eta 34 urteen artean dauden 10 gaztetatik hiru daudela emantzipatuta: % 33,5 EAEn eta % 34,2 Nafarroan. Estatuko mediaren oso antzeko datuak dira, han % 34,4an baitago. Europarekin alderatuta, ordea, ia % 20 baxuagoa da; izan ere, EBko ratioa % 50,4an kokatzen da.

Zenbakiei begiratuta, iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko aldea oso handia da. Eskandinaviako herriek emantzipazio-tasa oso altuak dituzte; % 83,7 Finlandiak eta % 83,3 Danimarkak, esate baterako. Europako ehunekoaren gainetik daude baita ere Alemania (% 68,9), Herbehereak (% 63,9), Frantzia (% 55,5) eta Belgika (% 55,4). Zerrendako azkenak Italia eta Portugal dira, % 32 eta % 31eko ratioekin hurrenez hurren.

Lana eta faktore kulturalak

Giza talde gazteenen enplegu-tasaren eta emantzipazio-tasaren artean dagoen harremana da ikerketaren beste ondorioetako bat. Alegia, 16 eta 24 urte arteko gazteen okupazio-tasa altuagoa den heinean, gurasoen etxetik irteten diren gazteen ehunekoa ere igo egiten da.

Eskandinaviako herrialdeetan hegoaldean baino ohikoagoa izaten da ikasketak eta lana uztartzea gaztetatik, eta horrek errenta propioak izateko aukera handiagotzen du. Alemanian eta Danimarkan, esate baterako, 16 eta 24 urte arteko gazteen erdiek lan egiten dute; hurrenez hurren, % 50,9k eta % 57k. EAEn datu hori % 25,4an dago, nahiz eta azken hamarkadan igo egin den.

Prezioa, gainditu beharreko erronka

Gaur gaurkoz, diru-sarrerak dituzten 59.000 gazte inguru daude gure lurretan burujabetza eskuratzeko etxebizitza baten beharrean.

Gazte horiek aipatzen dituzten oztopo nagusiak etxebizitzaren garestitasuna (erosteko zein alokatzeko) eta diru-sarrera nahikorik ez izatea dira.

Erantzunen artean daude, halaber, etxebizitza-eskaintzaren eskasia lehentasunezko lekuan, lan-egonkortasunik eza, hipoteka-kreditu bat eskuratzeko zailtasuna eta higiezinen agentziek edo jabeek gazteei alokatzeko dituzten errezeloak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Etxebizitza Analisi kazetaritza EITB Median