Gizartea -
ITZALALDIA
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak larrialdi planak jarri dituzte martxan itzalaldia dela eta
Bingen Zupiria sailburuak agerraldia egingo du 15:00etatik aurrera Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren egoitzan (zuzenean, EITBn). Gainera, LABIren bilera deituko du arratsalderako. Foru gobernuak Larrialdi Plana aktibatu du, eta krisi kabinetea bildu.
EITB MEDIA
12:30etik Euskal Herria "itzalita" izan duen gorabehera teknikoa dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euren larrialdi planak jarri dituzte martxan.
Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Krisi Mahaia eratu du itzalaldiaren ondorenak aztertzeko. Era berean, Babes Zibileko Planaren alerta fasea jarri du martxan. Horren harira, Bingen Zupiria sailburuak prentsaurrekoa egingo du 15:00etan, Segurtasun Sailak Bilboko Txurdinaga auzoan duen Larrialdiak Koordinatzeko Zentrotik. Agerraldia zuzenean jarraituko ahalko da EITBn.
Aurrez, Zupiriak "lasaitasunerako" deia egin du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa labur batean. Horren hitzetan, EAEko erakunde eta konpainia nagusietan berrezarri dute argindarra, eta egoera ari da, apurka-apurka, bere onera etortzen.
Halaber, 112 telefonoa larrialdietarako bakarrik erabiltzeko eskatu du, sistemak gainezka egin ez dezan.
Bestalde, Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramaileak ere lasaitasunerako deia egin du. Era berean, iragarri du arratsaldean LABIren bilera deituko duela Jaurlaritzak.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Larrialdi Plana aktibatu du, 2. fasean, eta krisialdi kabinetea bildu. Amparo Lopez Segurtasun kontseilariak hartu du larrialdiaren aginte bakarra.