Gizartea -
Itzalaldia
Metro Bilbaok zerbitzua berrezarri du Zazpikaleetatik Plentziara eta Kabiezesera, itzalaldiaren ondoren
Bestetik, Euskotrenek arratsaldean zehar zerbitzua ia normaltasunera itzultzea lortu du. Gasteizko eta Bilboko tranbiak ere martxan dabiltza.
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko tren bidezko garraioa erabat gelditu behar izan da astelehen honetan Iberiar penintsulan eta Europako zenbait herrialdetan izan den itzalaldiaren ondorioz. Hala ere, arratsaldetik aurrera zerbitzua apurka-apurka berrezartzen ari da.
Metro Bilbao
Metro Bilbaok jakinarazi duenez, 20:00etan geltokiak ireki ditu eta zerbitzua berrezarri du Zazpikaleak geltokitik Kabiezesera eta Plentziara. Hala ere, gaineratu du zerbitzua amaitu arte ez dela trenik egongo Zazpikaleak eta Basauri artean.
Halaber, bihar, asteartea, Boluetako eta Arizko azpiestazioetan hornidura etorri ezean, zerbitzua Zazpikaleetatik Kabiezesera eta Plentziara egiten jarraituko dela jakinarazi du, baina ohikoa baino maiztasun txikiagoarekin egin beharko dutela.
Euskotren
Gipuzkoan, 15:00 aldera jarri du martxan Euskotrenek Deba eta Hendaia arteko zerbitzua. Ondoren, tarteka zerbitzua berrezarri duten eta ohiko martxan ibili dira.
Bizkaian, Larreinetako funikularraren zerbitzua izan da berrezarri den lehenengoetako bat. Arratsaldean zehar, berriz, Euskotreneko beste hainbat tarte ere martxan jarri dira, hala nola Kukullaga/Etxebarri eta Lezama arteko E3a eta, beraz, baita Bilboko Metroko 3. linea ere, eta Amorebieta eta Bermeo arteko E4 linea. Une honetan Ermua eta Durango arteko tartea da zerbitzurik gabe dagoena.
Alabaina, Bizkaiko Aldundiak Bizkaibusen autobus zerbitzua indartu du eta autobus gehiago jarri ditu zerbitzu ematera hainbat ibilbideetan, adibidez, Durangoko linean ordezko zerbitzua emateko: 3911 (Elorrio) y A3912 (Ermua/Eibar).
Balmasedako A0651 linean ere beste autobus bat jarri dute eta zerbitzua ematen jarraituko du behar den arte.
Ezkerraldeko ibilbideetan ere errefortzuak jarri dituzte: 3 autobus Bilbo-Santurtzi joan-etorria egiten (A3115), eta beste hiru Barakaldoko lineetan (A3136, A3137 eta A3144).
Eskuin ibarrean ere bi autobus gehiago jarri dituzte, Getxora doazen A3411 eta A3414 lineetan.
Bizkaiko Foru Aldundiak erabilgarri zeuden autobus guztiak ateratzeko eskatu dio Bizkaibusi eta langileei "behar beste aparteko ordu egiteko" eskatu die, "herritarren beharrei erantzun" ahal izateko.
Tranbiak
Gasteizko eta Bilboko tranbiak ere bere onera etorri dira arratsaldeko 18:00ak aldera.
Renfeko aldirikoak
Bestalde, Renfek iragarri du Aldiriko trenak ez direla gaur martxan jarriko.
Alabaina, behin zerbitzua ezarrita, bihar asteartean, txartelak doakoak izango direla iragarri du. Azaldu duenez, sarrera libre utziko da aldirietako trenetara; "ez da beharrezkoa izango txartela erostea, baina sarbide-kontrolak egingo dira", azaldu du.