Gizartea -
Itzalaldia
Igogailuen drama: 343 erreskate egin dituzte Euskadin eta Nafarroan
Erreskate agonikoena Eibarren jazo da. Bertan, sei ume eta emakume haurdun bat hiru ordu eta erdi egon dira harrapatuta igogailu publiko batean.
EITB Media
Iberiar penintsula astindu duen itzalaldiak garraioetan eragin du kalterik gehien, baina ikara eszena larrienak igogailuetan bizi izan dira, jende asko harrapatuta geratu baita, noiz aterako jakin barik.
Horren ildotik, suhiltzaileek igogailuetan harrapatuta zeuden 253 pertsona erreskatatu behar izan dituzte Euskadin, eta Nafarroan ere 90 erreskate egin dituzte, azkenean kasu larririk gertatu ez bada ere.
Erreskate agonikoa Eibarren
Erreskate horietan, tentsio une handienetakoak Eibarren ikusi dira. Izan ere, bost urteko sei ume eta bost heldu, tartean emakume haurdun bat, hiru ordu eta erdi egon dira harrapatuta igogailu publiko batean, suhiltzaileek atera dituzten arte.
Itzalaldia gertatu den unean, talde hori Aldatzeko igogailuan zeuden (izen bereko ikastetxea eta Correoseko ingurua lotzen ditu).
Suhiltzaileak bertaratu dira, eta polea sistema batekin lortu dute erreskatea egitea. Denak onik daude.