Gizartea -
itzalaldia
Lehendakariak ohartarazi du asteartea ez dela "egun normala izango"
22:00etarako, Euskadik argindarraren % 96 berreskuratuta zuen. Lehendakariak "lasaitasuna, ardura eta zuhurtzia" eskatu ditu.
EITB Media
Imanol Pradales lehendakariak nabarmendu du oraindik "ziurgabetasun orduak" geratzen direla asteleheneko itzalaldi masiboaren ondoren, eta ohartarazi du: "Bihar ez da egun normala izango". Eusko Jaurlaritzaren arabera, Euskadik argindarraren % 96 berreskuratuta zuen 22:00etarako.
Euskadik Babes Zibilaren Larrialdi Faseko 2. egoera aktibatu du, eta LABI bildu egin da arratsaldean, Bilbon. Bileran Eusko Jaurlaritzaren sailburuak, EAEko hiru ahaldun nagusiak, Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta udaletako ordezkariak ere izan dira.
Batzar horren ostean, Pradalesek eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak agerraldia egin dute, azalpenak emateko.
Horien esanetan, EAEn izandako arazo handienak "garraioan, igogailuetan eta trafikoan gertatu dira".
Horren aurrean, gaineratu dute larrialdi-zerbitzuek, Ertzaintzak, ospitaleek, garraiobideek eta erresidentziek "neurri guztiak" martxan jarri dituztela. Horregatik, lehendakariak "eskerrak" eman dizkie lanean ari diren pertsona guztiei.
"Asko falta da egoera normaldu arte", azpimarratu du.
Larrialdietarako telefonoa normal aritu da
Bestalde, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak nabarmendu du 112 larrialdietarako telefono zenbakiak etenik gabe funtzionatu duela egun osoan, eta dei gehienak igogailuetan harrapatuta geratu diren pertsonei laguntzeko izan direla. Hain zuzen ere, 253 erreskate egin dituzte.
Ez da gorabehera aipagarririk gertatu bide segurtasunaren arloan, baina energia-hornidurarik ezak informazio-panelak desprogramatu ditu, eta horrek zirkulazioak betiko martxa hartzea eragotzi du.
Zupiriak adierazi duenez, kontingentziako osasun-planek ondo funtzionatu dute, eta horniduraren etenak ez du eraginik izan programatutako eragiketetan eta beste jarraipen-jarduera batzuetan, nahiz eta esku-hartzeren bat birprogramatu den eta txandak luzatu diren.
Larrialdietako zerbitzuek ere normaltasunez funtzionatu dute, baita anbulantziek ere bai.
Ikastetxe publikoak eta itunpekoak ere normaltasunez aritu dira, eta, Zupiriaren arabera, "haurrak eta gazteak seguruen egon diren tokia izan dira".