Gizartea -
Itzalaldia
Honela kontatu dute euskal herritarrek itzalaldia sare sozialetan
Tik Tok, Instagram, X, Bluesky eta Facebook argitalpenez bete dira. Erabiltzaile askok gure hirietan elektrizitate faltak izan dituen ondorioak erakutsi dituzte: geldituta egon den garraioa, erreskateak igogailuetan eta kaleko giroa, besteak beste.
EITB Media
Eguerdiko 12:30etik aurrera argia joan eta elektrizitatearekin funtzionatzen duen oro gelditu egin da, eta sare sozialak itzalaldiari buruzko argazkiz, argitalpenez eta bideoz bete dira.
Lehen argitalpenak tren, tranbia eta metroko ebakuazioei buruzkoak izan dira. Besteak beste, Bilboko metroa itxi dela kontatu dute hainbatek.
Tik Tok sarean @arraaball eta @mirenye erabiltzaileek metroa nola utzi duten erakutsi dute bideo banatan.
Artxanda mendira doan Bilboko funikularrean ere gauza bera gertatu da.
Berehala, kalean zegoen giroa erakusten zuten bideoak azaltzen hasi dira. Susana Forcadak (@surfova), esate baterako, Instagram sarea aukeratu du Bilboko Plaza Biribileko eta inguruetako irudi hauek erakusteko.
Eta autobus geratokiak jendez betetzen hasi dira, Adrián Gadesek (@pasiongaida) X sare sozialean eskegitako bideo honek erakusten duenez:
Tartean egon da Muskizeko Petronorreko sua eta kea ikusita kezkatu denik ere.
Baina enpresak laster esan du ez zegoela kezkatzeko arrazoirik, eta adierazi segurtasun sistemak indar betean lanean hasi direlako ikusten zela ketza.
Euskadiko suhiltzaileek irteera ugari egin behar izan dituzte astelehenan egun osoan zehar, batik bat, igogailu publiko eta pribatuetan itxita gelditu diren bizilagunak ateratzeko. Horietako batzuk sareetara iritsi dira, adibidez, Bilboko Deustu inguruko erreskate hau: