Gizartea -
ITZALALDI MASIBOA
Itzalaldiaren galde-erantzunak: Zergatik gertatu zen? Nola berrezarri zen hornidura? Aurrerantzean, zer?
Oraindik galdera asko erantzuteke eta xehetasun teknikoak argitzeke badaude ere, gertakariaren inguruko azalpenak eman ditu gaur Itziar Zubia EHUko Ingeniaritza Elektrikoko irakasleak, Euskadi Irratian. Hona itzalaldi masiboaren gakoetako batzuk.
E. G. | EITB MEdia
Euskal Herria bete-betean kolpatu zuen itzalaldi masiboaren ondotik ia 24 ordu igaro diren honetan, gertatutakoaren inguruko galdera ugari daude oraindik erantzun gabe. Itzalaldia zerk eragin zuen argitzeke dago, baina adituak hasi dira hainbat zertzelada ematen. Itziar Zubia EHUko Ingeniaritza Elektrikoko irakaslea elkarrizketatu dute gaur Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Lerrotan bildu ditugu energian adituak emandako argibide nagusiak:
Zer gertatu zen?
Espainiako Gobernuak atzo arratsaldean emandako azalpenaren arabera, itzalaldi historikoa gertatu zenean, 12:30 aldera, argindar saretik 15 gigawatt 'galdu' ziren "bat-batean" (une horretan kontsumitzen ari zen energiaren % 60).
Zubiak zehaztu du argindarra ez zela desagertu, "sortzeari utzi" zitzaiola edota "sortutakoa sarera banatu ezinda" geratu zirela. Horren esanetan, argindarraren arazoa da "etengabe" sortu behar dela, ezin dela "kopuru handietan metatu". Hala, argitu du Red Electrica erakundeak kontrolerako zentro bat duela, eta handik, eskariaren arabera, aginduak ematen dizkiela beste zentralei zehazteko zein sorgailuk lan egin behar duten eta zenbat energia ekoitzi behar den. Adituaren arabera, erakundea prest dago "ezohiko egoeretarako", baina oraingoa "oso handia" izan zen.
EHUko doktoreak uste du atzokoan "gaizki irten zitezkeen gauza asko gaizki irten" zirela, eta ez zela "akats bakarra izan, pilatu" egin zirela, alegia. "Elur bola handi baten moduan gertatu zen", erantsi du.
Argindar eskaintza eta eskaria "oso berdinduta" egon behar direla adierazi du. "Desorekatzen denean, babes sistemak salto egiten du eta deskonexioak gertatzen dira".
Europako argindar sareak elkarrekin konektatuta badaude, nola liteke itzalaldia egotea?
Espainiako Red Electrica konpainiaren arabera, "potentzia-fluxuaren oszilazio handia" atzeman zuen atzo, eta horren ondorioz, argindar sorreran galera "handia" gertatu zen. Hori dela eta, penintsulako argindar sistema Europako gainerako sistemetatik deskonektu egin zen, hau da, Frantziarekiko interkonexioa galdu zen.
Zubiak ez du erantzunik izan horretarako, ez daki eten hori nahita egin ote zuten, edota babesgailuren batek huts egin ote zuen. Azaldu duenez, Europa mailan sareak elkarrekin konektatuta daude, eta batak besteari laguntzen dio, baina "egia ere bada akatsak daudenean partekatu egiten direla".
Ukaezina da, horren hitzetan, Iberiar penintsula argindar "sorkuntzarik gabe geratu zela, isolatuta, eta tentsioa guztiz erorita".
Itzalaldi honek badu aurrekaririk?
Ez, ez behintzat tamaina horretan. Izan dira deskonexio arriskuak, baina ez horrenbestekoak. Zubiak aipatu du Espainiak gizonezkoen futboleko mundiala irabazi zuenean, herritarrak kalera atera zirela eta bapatean argindar eskaria asko jaitsi zela. Orduko hartan, arazoari ondo erantzun zitzaion.
Nola berrezarri zen hornidura? Zergatik egin zen apurka-apurka?
Frantziako Estatutik gertu egoteak lagundu egin zion Euskal Herriari argindar hornidura "azkar" berrezartzen, Zubiak azaldu duenez. Izan ere, halako egoeretan, "oso zaila" da zentral elektrikoak berriz abiatzea, "normalean txikiekin egiten da, hidraulikoak eta gasezkoak".
Erabaki zen Espainiaren mugak baliatzea, eta mugetan zeuden "tentsioak aprobetxatzea". Horregatik berreskuratu zuten argindarra Gipuzkoan ordu gutxitan, adibidez.
Arian-arian etorri zen argindarra, izan ere, "sarerik ez dagoenean oso zaila da kolpetik berrezartzea; korrika hasiz gero, berriz erortzeko arriskua dago, eta zerotik hasi beharko litzateke berriro", argitu du. "Oso kontuz ibili behar ziren", Zubiaren aburuz.
Nola eutsi zioten ospitaleek eta beste azpiegitura kritikoek?
Argindar sorgailu edo generadoreei esker. Sorgailu horiek erregaiarekin dabiltza, eta eraikinaren dimentsioa eta beharren araberako (ez da gauza bera ospitale bat eta eraikin publiko bat) tamaina izaten dute. Neurriaren araberako argindar hornidura sortzen dute gailuok.
Zubiak adibidea eman du argigarri: EHUko Donostiako Ingeniaritza Eskola bi orduz eraikinaren heren bati hornidura emateko beste argindar sortzeko gai da.
Gerta litezke halakoak etorkizunean?
Argi du Zubiak. Aurrerantzean ere gertatuko dira akatsak, baina espero du "horren handiak" ez izatea.
Nabarmendu duenez, apirilaren 28an gertatutako ingeniaritza elektrikoko "liburuetan jasoko da, azterketarako".
Itzalaldi masiboak zerbaitetarako balio badu, izan dadila halakoak "azkarrago" konpontzen ikasteko. Herritarrei, aldiz, "pazientziaz hartzeko" gomendioa eman die.