Gizartea -
ITZALALDIA
Eusko Jaurlaritzak erregaia erosiko du, itzalaldiaren gisako aparteko egoerei aurre egiteko
Argindarraren % 100 eskuratuta, garraiobideak, komunikazioak eta azpiegiturak ohikora itzuli dira gaur, ia erabateko bermearekin. Aurrera begira eta antzeko zerbait gertatuko balitz ere, Jaurlaritzak erregaia erosiko du aparteko egoerei aurre egiteko.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan egoera ia bere onera itzuli dela ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak, baina aitortu du atzoko "aurrekaririk gabeko itzalaldiak" hainbat "ahulgune" agerian utzi zituela. Horiek aztertu eta protokoloak eguneratzea da orain erronka.
Hala esan dute Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren eledunak eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Gobernu Bileraren ondoren egin duten agerraldian. Biharamunean, arloz arloko errepasoa egin du Zupiriak, egoeraren argazkia zein den azaltzeko.
Esan duenez, trenbide sareak eragin zien "kezka" gehien, horretan izan baitziren arazo gehienak. Trenen joan-etorria erabat gelditu zen, eta milaka erabiltzaile gelditu ziren zerbitzurik gabe. "Gure gizarteak iraunkortasunaren aldeko apustua egin du eta hori argindarraren menpe dago. Ikusi da ahultasunak badirela eta egoerak azterketa bat eskatzen du", nabarmendu du.
Horrekin batera, industrian izandako arazoak ere aipatu ditu, bereziki "elektro-indarraren menpe lan egiten duten enpresetan". Kasu horietan ere, Jaurlaritzak beharrezkotzat jo du sistemak berrikusi eta protokoloak eguneratzea.
Halako egoerei aurre egiteko protokoloak berrikustea da orain Jaurlaritzak bere buruari jarri dion etxeko lana. Besteak beste, erregaia erosiko du —ez du zehaztu kopururik— larrialdi egoeretan erabiltzeko. "Ikusi beharko da atzo zenbat erregai erabili zen lanean izan ditugun ordezko sistemek funtzionatu ahal izateko. Garrantzitsua da erregaia izatea halako egoerei aurre egiteko". Zentzu horretan, Ubarretxenak bereziki nabarmendu du ospitaleetan eta EITBn "ia arazorik gabe" egin zutela lan, energia ordezkatzeko dituzten sistemei esker.
Halaber, bere hitzartzean, sailburuak azaldu du Hezkuntza eta Osakidetza "normaltasunez" ari direla lanean, azken horrek badaezpada "kontingentzia planari eustea" erabaki badu ere.
Atzo bizitako egoera kaotikoaren adibide, 112 larrialdietarako telefono-zerbitzuan jasotako dei kopurua jarri du Zupiriak: 3.500 dei, 12:30etik 22:00etara, ohiko egunetako kopurua halako bi.
Azkenik, sailburuak eskatu du albiste faltsuei jaramonik egin ez eta informazio ofizialetara jotzeko. Eskerrak eman dizkie langile publikoei, zerbitzuei eusteko atzo egindako ahaleginagatik.