Gizartea -

ITZALALDIA

Red Electricak baztertu egin du itzalaldia zibereraso batek eragin izana

Azpimarratu dute sistema elektrikoa ohiko legez, egonkor eta egoki dabilela lanean. Hala ere, Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu du itzalaldia zibereraso baten ondorio izan ote zen argitzeko.

Zero energetikoa. Argazkia: EITB
Zero energetikoa. Argazkia: EITB
Zero energetikoa: Honelakoa izan zen argindarraren eskariaren beherakada ikaragarria

1:05

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Red Electricak baztertu egin du itzalaldia bere instalazioen kontrako zibersegurtasun eraso batek eragin izana.

Astelehenean Iberiar penintsulan 12:30 aldera izandako itzalaldia aztertu ondoren, Red Electricak ondorioztatu du ez dela "inolako intrusiorik izan kontrol-sistemetan".

Prentsaurreko batean, Eduardo Prieto Sare Elektrikoko Operaziorako Zerbitzuen zuzendariak zehaztu duenez, kudeatzaile elektrikoak "sorkuntza galerarekin bateragarria den elementu bat" identifikatu du penintsulako hego-mendebaldeko eskualdean, "behar bezala gainditu zen".

1,5 segundoko tartean "sistema elektrikoaren baldintzak galtzearekin bateragarria den beste elementu bat" gertatu zen, eta horrek 3,5 segundoren buruan antzemandako gorabeherekin bateragarriak diren baldintzak" ekarri zituen itzalaldiaren unean.

Azaldu duenez, "oso litekeena da kaltetutako generazioa eguzki-jatorrikoa izatea", baina ondorioak atarikoak direla errepikatu du. Azkenik, inoiz ikusi ez den itzalaldiaren jatorriari buruzko espekulazioak saihesteko eskatu du.

Itzalaldiaren arrazoia ziberaso bat izan ote zen argitzeko ikerketa abiatu du Auzitegi Nazionalak

Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epaileak aurretiazko eginbideak abiatu ditu asteleheneko itzalaldiaren arrazoia zibereraso bat izan ote zen argitzeko, Red Electricak aukera hori baztertu badu ere.

Auto batean magistratuak adierazi duenez, arrazoia ezezaguna bada ere "ziberterrorismoa aukera posibleen artean dago" eta horregatik uste du beharrezkoa dela ikerketa judiziala abiatzea.

Testuinguru horretan, 10 eguneko epean gertaturikoari buruzko txostenak egitea eskatuko die Espainiako Kriptologia Zentroari, Red Electricari eta Espainiako Poliziari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Elektrizitatea