Gizartea -
ITZALALDIA
Kontsumobidek azpimarratu du ez dagoela argindar etenaldiagatik kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik
Kontsumoko Euskal Institutuaren arabera, "ezinbesteko arrazoi" batek eragindakoa izanik, ez dago kalte-ordaina jasotzeko modurik, baina kontsumitzaileek eskubideak badituzte eta erreklamazioak egin ahal izango dituzte.
AGENTZIAK | EITB Media
Itzalaldiaren biharamunean Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak azpimarratu duenez, argindar etenaldia "ezinbesteko arrazoi" batek eragindakoa izanik, kontsumitzaileek ez daukate kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.
Hala ere, Kontsumobidek gogorarazi du kontsumitzaileek beren eskubideak dituztela eta erreklamazioak egin ahalko dituztela. Esaterako, bertan behera gelditu diren bidaien kasuan, bidaiatzeko alternatibak edo txartelaren dirua itzultzea eskatu ahalko dute.
Autobus- eta tren-bidaien kasuan, kontsumitzaileak hiru hilabeteko epean Garraioko Arbitraje Batzordera jo ahalko du baldin eta bere eskubideak urratu direla uste badu.
Hegazkin-bidaiei dagokionez, Espainiako Aire Segurtasuneko Estatu Agentzian aurkeztu beharko dira erreklamazioak, eta, bidaia konbinatuen kasuan, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailaren aurrean. Ekipajeari lotutako erreklamazioak Kontsumobiden egin behar dira eta argindar etenaldiari lotutakoak, berriz, enpresa hornitzailearen aurrean, eta, ondoren, Kontsumobiden.