Gizartea -
itzalaldi masiboa
Itzalaldiaren ondorioak: Zer egin hozkailuan edo izozkailuan ditugun jakiekin?
Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak irizpideak eman ditu elikagaiak bota ala ez erabakitzeko. Oro har, argindar etena lau ordu baino gutxiagokoa izan bada, segurua da elikagaiok kontsumitzea. Izozkailuek 24-48 orduz eusten diote zeropeko tenperaturari.
Agentziak | EITB Media
Atzoko itzalaldiaren ondotik, AESAN Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak gomendio sorta eman du hozkailu eta izozkailuetan gordeta genituen elikagaiekin zer egin behar dugun erabakitzeko.
Izan ere, baliteke hozkailuan gordetako produktu galkor batzuk (besteak beste, haragia, arraina, arrautzak, esnea eta esnekiak) alferrik galtzea argindar etena ordu askotakoa izan bada. Gainera, ohartarazi duenez, ezinbestekoa da tarte guztian hozkailuaren atea itxita egotea.
Izozkailuei dagokienez, gaur egungo etxetresnak gai dira gutxienez 24-48 orduz izozte tenperaturari eusteko, betiere ateak zarratuta egon badira. Dena dela, gomendagarria da izoztutako produktuak nola dauden aztertzea, badaezpada. Zantzu batzu batzuei erreparatu behar zaie: gainazalean izotz kristalak dituzten begiratu, baita produktuon gogortasun eta hotz sentsazioa ere. "Desizoztuta egon ote diren zalantza eginez gero, bota, batez ere ukitu eta hotz ez badaude".
Gainerakoan, hona beste gomendio batzuk:
Lau ordu baino gutxiagoko itzalaldietan
Hozkailuaren ateak itxita egon badira eta etena lau ordu baino gutxiagokoa izan bada, pentsatzekoa da tenperatura 5 ºC-tik behera egon dela, eta, beraz, elikagaiak ondo daudela.
Lau ordu baino gehiagoko itzalaldietan
Etenaldia luzeagoa izan bada, baliteke jangaiak kaltetuta egotea, eta halakoetan, bota egin behar dira.
Dena dela, produktu guzti-guztiak ondo aztertu behar dira, eta horretarako hainbat jarraibide eman ditu AESANek. Lehenik eta behin, elikagaiak ez probatu ondo dauden ikusteko; ez erreparatu itxurari ezta usainari ere. "Garrantzitsuena da zehaztea zein tenperaturatan egon diren elikagaiak. Argindar barik igarotako tartea gero eta luzeagoa izan, arriskua orduan handiagoa izango da".
Arrisku gehien duten elikagaiak
Honako hauek dira hondatzeko arrisku gehien dutenak: haragia, oilaskoa, arraina, arrautzak, esnea eta gazta freskoa. Elikagaiok txarto egon eta jatekotan, "gaixotu zaitezke, nahiz eta tenperatura egokian kozinatu". Gainera, baliteke galdutako elikagai batzuek ondo dauden beste batzuk kaltetzea (kontaminazio gurutzatua delakoa).
Zatitu gabeko fruta eta barazkiei dagokienez, 5 ºC-tik gora gorde daitezke, hortaz, arazo barik kontsumitu ahalko dira. Zatitutako fruta/barazkiak eta aurrez prestatutako entsaladak zaborretara bota beharko dira, elikagai galkorrekin gertatzen den bezala.
Badira hozkailuan gordetzen ditugun baina galkorrak ez diren hainbat elikagai, hala nola freskagarriak, kontserbak, alkoholdun edariak eta txokolatea. Produktu horiekin ez dago inolako arriskurik, eta lasai-lasai kontsumitu daitezke.