Gizartea -
Itzalaldia
Hernaniko azpiestazioa, erabakigarria itzalaldia gainditu eta normaltasunera itzultzeko
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azpimarratu du azpiestazio horretatik sartzen dela Frantziako sistema elektrikotik datorren argindarra. "Astelehenean gertatutakoak nazioarteko konexioen garrantzia erakusten du", ziurtatu du Zupiriak.
Agentzia | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi duenez, Hernaniko (Gipuzkoa) azpiestazioa funtsezkoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) lehenago normaltasunera itzultzeko, astelehenean penintsula osoan izandako itzalaldi masiboaren ondorioz.
Zupiriak Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian azpimarratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak "oso paper garrantzitsua du, bere kokapen geografikoagatik". "Astelehenean gertatutakoak nazioarteko konexioen garrantzia erakusten du", ziurtatu du.
Zentzu horretan, Hernaniko azpiestazioaren bidez Frantziako sistema elektrikotik datorren argindarra sartzen dela nabarmendu du sailburuak. "Atzo erreakzionatu eta normaltasunera itzuli ahal izan zuten tokiak mugakideak izan ziren: gurea, Frantziako sistema elektrikoarekin harreman zuzena izateagatik; eta penintsularen hegoaldean, Marokotik datorren energia-hornidurarekin lotutako lekuak", gogorarazi du.
Sailburuaren hitzetan, "horrexek ahalbidetu zuen Frantziako Estatutik zetorren energia EAEn sartzea", eta horrek "Iberdrola konpainia elektrikoari sistema elektrikoa berrezartzea eta lehenbailehen normaltasunera itzultzea ahalbidetu zion".
Astelehenean, 12:30ean, hasi zen itzalaldia, eta bi ordu geroago normaltasunera itzultzen hasi ziren EAEn.
18:00etan hornidura elektrikoaren % 84 berrezarri zen, 21:00etan % 93, eta astearte honetako 07:00etan, % 100.