Gizartea -
Bizkaia
Amatatu dute Berriatua eta Mendexa artean piztutako baso-sutea
06:50 aldera izan dute gertakariaren berri, eta 10:30erako itzalita zuten suhiltzaileek. Talde bat geratu da bertan, zaintza-lanetan.
EITB MEDIA
Baso sutea piztu da goizean Berriatua eta Mendexa udalerrien artean (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez, baina goizerdirako (10:30 aldera) amatatuta zuten suhiltzaileek.
Garrak Asterrika auzoko baso-eremu batean hasi dira, eta larrialdi-zerbitzuek 06:50ean izan dute horren berri. Berehala bertaratu dira Foru Aldundiko suhiltzaileak, Gernika-Lumoko basekoak, eta Eusko Jaurlaritzak suteak amatatzeko duen helikopteroa. Behin amatatuta, suhiltzaile talde bat inguruan geratu da, zaintza-lanak egiteko.
Oraindik ez dakite zer dela eta piztu den sutea.