Gizartea -
EGURALDIA
Abisupean abiatuko dute maitzaren 1eko zubia Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa iparraldean, haize zakarra dela eta
Goizaldean (00:00-06:00), 80-100 km/h-ko ufadak izango dira Gipuzkoan eta Araban. Nafarroako iparraldean eguerditik dago indarrean abisu horia, biharko 06:00 arte.
EITB Media
Hego-ekialdeko haizeak Euskal Herriko bazterrak astintzen jarraituko du maiatzaren 1eko zubian, eta tenperaturak ez dira asko aldatuko. Hala ere, hodeiak ugarituko dira ostegunetik aurrera. Euskalmeten iragarpenaren arabera, datozen egunetan eguraldia aldakorra izango da eta euria ere egin dezake.
Gaur, asteazkena, eguraldi egonkor eta epelak jarraipena izango du, baina hodei gehiago agertuko dira zeruan. Oro har eguzkitsu egongo da, baina orduak pasa ahala erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugarituko dira. Hego-ekialdeko haizea zakar ibiliko da, bolada oso gogorrekin haizeguneetan, bereziki ekialdean. Tenperaturari dagokionez, ez da aldaketa handirik izango.
Iragarpen hori oinarri, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du haizegatik Araban eta Giupzkoan. Abisua gauerdian sartuko da indarrean, eta biharko 06:00ak arte egongo da aktibo. Haizeguneetan boladak 100 km/h-ko abiadura baino biziago ibiliko dira, bereziki ekialdeko mendi inguruetan. Kostaldean, 80-100 km/h inguruko ufadak izango dira, batez ere ekialdean. Haizeguneak ez diren tokietan 80 km/h abiadura harrapatuko du haizeak.
Bestalde, Aemetek abisua ezarrita du Nafarroa iparraldean (Kantauri isurialdean) ere, 70 km/h boladak izango baitira inguru horretan. Abisua eguerditik dago aktibo, eta biharko 06:00ak arte mantenduko dute.
Ostegunean hodeiak ugaritu egingo dira, eta oro har erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira. Gainera, arratsaldean bero-hodeiak zabalduko dira eta zaparradaren bat edo beste bota dezake, probabilitate handiagoarekin hegoaldean eta mendebaldean. Barnealdean hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan. Kostaldean haizeak ipar-ekialdera egingo du arratsaldean. Tenperatura maximoetan ia ez da aldaketarik izango barnealdean eta kostaldean pixka bat jaitsiko dira.
Ostiralean ezegonkortasuna handiagoa izango da. Zerua erdi estalita egongo da, goizean erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin, eta eguerditik aurrera bero-hodeiekin. Arratsaldean zaparrada bota ditzake, trumoi eta guzti, bereziki barnealdean. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan. Tenperatura maximoetan ez da gorabehera handirik izango, hala ere baliteke hegoaldean pixka bat jaistea eta ipar isurialdean pixka bat igotzea.
Kontsultatu eguraldiari buruzko informazio guztia eitb.eus-en.
Zure argazkiak eta bideoak EITBko erabiltzaileen atarira bidal ditzakezu.