Gizartea -

Itzalaldi elektrikoa

Itzalaldia zibererasoa izan ote zen ikertzeko prozesua sekretupean jarri du epaileak

Prozesua "arriskuan jar dezaketen egoerei aurrea hartzeko" hartu du erabakia ikerketa zuzentzen duen Auzitegi Nazionaleko epaileak. Ikerketak ondorioztatuko balu sabotajea izan zela, ekintza horiek terrorismo delitutzat hartu ahal izango lirateke.

Elektrizitate dorreak. Artxiboko-irudia: EFE.
Elektrizitate dorreak. Artxiboko-irudia: EFE.
Elektrizitate dorreak. Artxiboko-irudia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den astelehenean penintsulari eragin zion itzalaldi elektrikoa azpiegitura kritikoetan egindako sabotaje informatikoa izan ote zen ikertzeko abiatutako auzia sekretupean jarri du Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epaileak. Ikerketak hala izan zela ondorioztatuko balu, gertatutakoa terrorismo-delitu sailkapenaren barruan sartuko litzateke.

Fiskaltzak eskatuta jarri du sekretupean epaileak. "Gertakarien izaera eta inguruabarrak kontuan hartuta" egin zuen ikerketaren aurrerapausoak isilean gordetzeko eskaria.

Doktrina aztertu ondoren Calamak autoan azaldu duenez, sekretupekoa izatearen helburua da "ikerketaren emaitza modu larrian arriskuan jar dezaketen egoerak prebenitzea". Bere hitzetan, sekretupean egonda bakarrik eragotz daiteke "ikerketa oztopatzeko eta haren helburuak zapuzteko interferentziak edo manipulazioak eragin ahal izatea, kontuan hartuta funtsezko zerbitzuen segurtasuna arriskuan jar dezakeen informazioa egon daitekeela".

Epaileak ofizioz erabaki zuen ikerketa hori abiaraztea. Oraingoz, hilabetez egongo da sekretupean, baina luzatzerik izango da.

Ikerketa hastea erabakitakoan, Espainiako kriptologia zentroari eta Red Electricari txosten bana egiteko eskatu zien, bertan itzalaldia eragin zuten arrazoiak adieraz zitzaten. Horrez gainera, Polizia Nazionaleko informazio komisariara ere jo zuen, gertakariei buruzko txosten bat eskatzeko.

Hasierako autoan azaldu zuenez, asteleheneko 12:30ak aldera izandako gertakariak "gizarteari funtsezko zerbitzuak (osasuna, energia, industria edo garraioa) ematen dizkioten azpiegiturei eusten dieten sistema informatikoei eragin zien", eta horrek "egoera kritikoa ekarri zuen herritar guztien ongizaterako eta segurtasun-sentimendurako".

Era berean, Zigor Kodearen 573. artikulua aipatu zuen. Artikulu horren arabera, delitu informatikoak terrorismotzat jo daitezke, helburua konstituzio-ordena edo funtsezko zerbitzuen funtzionamendua modu larrian ezegonkortzea izanez gero.

Ikerketa horren emaitzaren zain, oraingoz, Red Electricak baztertu egin du itzalaldia bere instalazioen kontrako zibereraso batek eragin izana, eta hornidura eten aurretik bi sorkuntza-galera independente izan direla adierazten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Energia