Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Senar-emazte batzuk atxilotu dituzte Oviedon, hiru seme lau urtez etxean itxita izateagatik
Poliziako iturriek jakitera eman dutenez, 8 eta 10 urteko hiru anaia egoera osasungaitzean bizi ziren eta ez zeuden eskolatuta.
AGENTZIK | EITB MEDIA
Senar-emazte batzuk atxilotu zituzten atzo Oviedon (Asturias) hiru seme —8 urteko bikiak eta 10 urteko anaia nagusia— lau urtez etxean itxita eta egoera osasungaitzean izateagatik. Abandonu eta legearen aurkako atxiloketa delituak egotzi dizkiete. Lehen ikerketen arabera, 2021etik etxetik atera gabe zeuden adin txikikoak.
Oviedo kanpoaldeko txalet batean bizi zen familia, eta, joan den apirilaren 10ean, inguruko bizilagun batek eman zuen abisua. Berehala abiatu zuen ikerketa bertako Udaltzaingoak, eta beharrezko izapideak egin ostean, atzo burutu zuten polizia operazioa: etxebizitzara sartu ziren eta hiru adin txikiko arrisku egoeran zeudela baieztatu ondoren, bi gurasoak atxilotu zituzten.
Poliziako iturrien arabera, pilatutako zabor artean bizi ziren umeak, oso egoera eskasean, eta eskolatu gabe zeuden.
Gaur eraman dituzte epailearen aurrera deklaratzera gurasoak, eta ondorengo orduotan jakinaraziko du epaileak bere erabakia. Aita alemaniarra da, eta amak bi nazionalitate ditu, estatubatuarra eta alemaniarra.
Haurrak, berriz, Asturiasko Printzerriko Eskubide Sozial eta Ongizate Sailaren esku utzi dituzte.