Gizartea -

Athletic-Manchester United

Segurtasun dispositiboak batez ere San Mames inguruari eragingo dio berriro

Bertoko jarraitzaileei gomendatu diete zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabil dezatela eta behar besteko aurrerapenaz sar daitezela. Zale ingelesen elkargunea Iparragirre kalean egongo da, eta 18:00ak aldera abiatuko dira San Mameserantz.

San Mameseko kanpoaldea, Athletic-Erroma partida hasi baino lehen. Argazkia: EFE
San Mameseko kanpoaldea, Athletic-Erroma partida hasi baino lehen. Argazkia: EFE
San Mameseko kanpoaldea, Athletic-Erroma partida hasi baino lehen. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athletic Club taldeak koordinatutako "dispositibo sendo bat" izango da Bizkaiko hiriburuan ostegun honetan, Athletic eta Manchester United taldeek San Mamesen 21:00etan jokatuko duten Europa Ligako finalerdietako joaneko partida dela eta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, diseinatutako dispositiboak San Mames inguruari eragingo dio batez ere, bi zalegoen eta, oro har, herritarren segurtasuna bermatzeko neurri batzuk zehazte aldera.

Horrela, ohikoa den bezala, trafikoa eten egingo da eta garraio publikoan aldaketak egin beharko dira. Zirkulazio murrizketak Moyua plazaren eta Carlton hotelaren inguruan eta San Mames inguruan izango dira bereziki, bai eta zale ingelesen estadiorako ibilbidean zehar ere.

Ildo horretan, Europan horrelako ekitaldietan ohikoa den prozedurari jarraikiz, bisitariei elkargune batera joateko eskatuko zaie, denak batera joan daitezen San Mamesera, ertzainek lagunduta.

Zale ingelesen elkargunea Iparragirre kalearen lehen zatian egongo da, Guggenheim museotik hurbilen dagoen tartean, eta 18:00ak aldera abiatuko dira San Mameserantz.

Era berean, 18:00ak inguruan ere, zirkulazioa murriztu eta moztuko da Felipe Serrate kalean, Sabino Arana etorbidean, Euskalduna zubian eta Jesusen Bihotza plazan.

Ordu erdi lehenago, 17:30etik aurrera, lehenengo trafiko mozketak egingo dira Carlton hotelaren inguruan. Udaltzainek eta ertzainek zaleen arteko bizikidetza bermatuko dute egun osoan zehar.

Garraio publikoari dagokionez, tranbia zerbitzua 18:00etatik aurrera aldatuko da Pio Baroja eta Casilla geralekuen artean. Gainera, partidak eragina izan dezake Bilbobusen eta Bizkaibusen zerbitzuetan, eta gomendatu dute balizko aldaketa eta alternatibak pantailetan edo webguneetan kontsultatzea.

Zupiria, partidari begira: ''Ertzaintzaren lana izango da, istiluak gertatzen badira, egin behar dena egitea''
Zupiria, partidari begira: ''Ertzaintzaren lana izango da, istiluak gertatzen badira, egin behar dena egitea''
Zupiria, partidari begira: ''Ertzaintzaren lana izango da, istiluak gertatzen badira, egin behar dena egitea''

1:27

San Mameseko ateak, 19:30ean zabalik

Horregatik guztiagatik, dispositiboaren koordinatzaileek bertoko zaleei gomendatu diete zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabil dezatela eta behar besteko aurrerapenaz sar daitezela.

Ildo horretan, San Mameseko ateak 19:30ean zabalduko dira, partida hasi baino ordu eta erdi lehenago, eta ahalik eta lasterren sartzea gomendatu dute, azken orduko jende pilaketak eragozteko. Gainera, Bilboko Udalaren eta Jaurlaritzaren gomendioekin bat etorriz, San Mameserako joan-etorria oinez edo garraio publikoan egitea eskatu dute.

Sarbideak

Horrela, San Mamesera oinez doazen bertoko zaleentzat, Poza Lizentziatua kalea, Urkixo zumarkalea, Simon Bolivar kalea eta Juan Antonio Zunzunegi etorbidea izango dira sarbide nagusiak.

Sabino Arana etorbidea (Jesusen Bihotza plazaren eta Felipe Serrate kalearen artean) eta Felipe Serrate kalea (Sabino Arana eta San Mameseko 19 atearen artean), aldiz, zale bisitarientzat erreserbatuta egongo dira eta, beraz, ezin izango da inguru horretatik sartu.

Euskalduna zubitik heltzen direnek parkearen aldetik Jesusen Bihotza plazara heltzeko aukera izango dute, baina ezin izango dira Sabino Aranatik igo; horren ordez, Kale Nagusitik desbideratu eta Maria Diaz de Haro kaletik jarraitu beharko dute, eta handik Poza Lizentziatua kalea edo Urkixo kalea hartu, komeni zaienaren arabera.

Estadioko ateetarako sarbideek erloju orratzen noranzkoari jarraituko diote, eta zabalgunearen aurrealdean daudenak 23, 24, 25 eta 26 ateetara zuzenean sartu ahal izango dira Poza-Briñas edo Urkixotik; 1etik 13ra bitarteko ateetara ohiko moduan sartu ahalko da Rafael Moreno Pitxitxi pasealekutik.

Azkenik, txarteldegien atzealdean (7tik 13ra bitarteko ateak) beste partida batzuetan izaten diren pilaketak saihesteko, 14 eta 20 bitarteko ateetara doazenei Pitxitxi pasealekutik Ventosa bidera jaisten diren eskaileretik joatea gomendatuko zaie eta, hortik, estadioa apur bat inguratzea, 14-20 ateak dauden albora heldu arte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Athletic Futbola albisteak Azken orduko kirol-albisteak Bilbo Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak UEFA Europa Liga Bilbobus