Gizartea -

BIZKAIA

Bi gizon atxilotu dituzte Sestaon elkarri eraso egiteagatik; batek labana erabili du

Labanaz zauritutako gizona ospitalean dago, larri, baina arriskutik kanpo. Bestea ere erietxean artatu behar izan dute, baina sendagiria jaso du, eta epailearen aurrera eraman zain dago. Hilketa saiakera egotzi diote azken horri.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 23 eta 29 urteko bi gizonezko atxilotu ditu bart Sestaon (Bizkaia), elkarri eraso egiteagatik. Bati lesio delitua egotzi diote, eta besteari, hilketa saiakera. Izan ere, borrokan nahasitako gizasemeetako batek labana bat erabili du bestearen kontra egiteko. Biak ala biak ospitalera eraman dituzte, eta labanaz zauritutakoa han geratu da, larri, baina arriskutik kanpo.

Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, gauerdia baino lehen jaso dute abisua agenteek. Los Baños kalean bi gizon borrokan ari zirela ohartarazi dute lekukoek. Arma zuriz zauritako gizonezko bat topatu dute bertan ertzainek, aurpegian, lepoan, saihetsetan eta hanketako batean zauriak zituela. Gurutzetako Ospitalera eraman dute, egoera larrian.

Beste gizonak sudurrean zituen zauriak, eta Barakaldoko San Eloy Ospitalean artatu dute. Gauean zehar, alta eman diote eta ertzain-etxera eraman dute atxilotuta, epailearen esku utzi arte. Hilketa saiakera leporatu diote. 

Beste gizonari, larri zauritutakoari, lesio delitua egotzi diote, eta ospitalean dago, baina atxilotuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Sestao Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak