Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: EITB Data: Emantzipazioa, 50 urte senarraren lizentzia baliogabetu zenetik eta FANT 2025
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko maiatzaren 2an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EITB Data: Emantzipazioa: Hego Euskal Herriko gaztedia Europakoa baino 4 urte geroago emantzipatzen da batez beste. Hala, emantzipatzeko batez besteko adina 30 urteren bueltan dago Hego Euskal Herrian; zehazki esateko, 30ekoa da EAEn eta 29koa Nafarroan, eta Europako batez besteko adina 26koa da. Hori da EITB Dataren azken txostenaren ondorioetako bat. Kontuan hartzekoa da, gainera, gure inguruan batez besteko adin hori atzeratzen ari dela apurka; 2011tik bi urte egin du gora. Gazte horiek aipatzen dituzten oztopo nagusiak etxebizitzaren garestitasuna (erosteko zein alokatzeko) eta diru-sarrera nahikorik ez izatea dira.
- 50 urte senarraren lizentzia baliogabetu zenetik: Duela 50 urtera arte Espainiako estatuko emakume ezkonduek senarren baimenak behar zituzten hainbat ekintza juridiko egiteko, besteak beste, ondasunak eskuratzeko, kontu korronte bat irekitzeko, lan-kontratu bat sinatzeko eta gidabaimena lortzeko. Senarraren lizentzia izenekoa 1889an sartu zen indarrean Espainiako Kode Zibilean, eta araudi horrek errotik mugatu zuen emakume ezkonduek zer egin zezaketen. Aitaren tutoretzapeko izatetik senarraren tutoretzapeko izatera igaro zen emakumea, adingabeen pareko.
- FANT 2025: Bilbon gaur hasiko da FANT Fantasiazko Zinemaldia eta maiatzaren 10era bitartean, Campos Eliseos Antzokira, Azkuna Zentrora eta BBK salara zabalduko du programazioa. Jaialdia Hallow Road Babak Anvari zinemagile britainiar-irandarraren azken thriller psikologikoaren estreinaldiarekin hasiko da, Austinen SXSWtik igaro ondoren. Sail Ofizialak hamabost bat herrialdetako 19 film luze eta 30 film labur izango ditu, Euskal Herriko eta nazioarteko ekoizpenen artean eta Panorama Fantastikoa izeneko sail independenteago baten artean banatuta. Guztira, 70 proposamen baino gehiago izango dira bertan.