Gizartea -
EGURALDIA
Ia Euskal Herri osoa abisupean, euriagatik
Ordubetean metro koadroko 15 litro baino gehiago pilatu daitezke. Zaparrada trumoitsuak espero dira, eta txingorra ere egin dezake. Arratsaldeak aurrera egin ahala, atertuz joango da eta larunbata argiagoa izango da, tenperatura atseginekin.
EITB Media
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak ekaitz giroa aurreikusita zuen gaurko, eta iragarpen horri jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak euriagatik abisu horia aktibatu du Euskal Autonomia Erkidegoko barnealdean. Arrazoi beragatik, Aemetek abisupean jarri du ia Nafarroa osoa (iparraldea salbu).
Abisua 10:00etan sartu da indarrean, eta 18:00ak arte egongo da aktibo. Ordubetean 15 litro baino gehiago pila daitezke metro koadroko, bereziki hegoaldean eta egunaren erdialdeko orduetan. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-80 km/h).
Euskalmeteko estazioetako datuei erreparatuta, Araba hegoaldean egin du euri gehien. Iruña Okako Nanclares estazioan, esaterako, 5,3 litro pilatu dira metro koadroko 10 minutu eskasean; Herreran, 4,7. Bizkaian, apalagoak dira zenbakiak: metro koadroko 3,5 litro erregistratu dituzte Orozkon, eta 2,3 litro, Balmasedan. Gipuzkoan, Inurritza (Zarautz) estazioan metro koadroko 1,7 litro metatu dira, eta Aizarnazabalen, 1,6 l/m².
Haizeak ere gogor jo du, eta Gasteizko Zaldiaran estazioan 101 km/ko ufada neurtu dute. Ilarduiakoan (Asparrena), 91 km/h-ko bolada erregistratu dute.
Era berean, Nafarroako erdialdea, Pirinioak eta Erribera abisupean daude 09:00etatik (egun osoan hala izango dira) prezipitazio handiagatik eta ekaitz arriskuagatik. Halaber, Pirinio Atlantikoen Departamentua (bertan dago Ipar Euskal Herria) abisupean jarri du Meteofrancek, ekaitz arriskuagatik.
Arratsalde erditik aurrera, baina, atertzera egingo du eta gauean hodeitza txikitu egingo da. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan. Giro epelarekin jarraituko dugu, eta maximoak 25 ºC ingurukoak izango dira Bilbon, Donostian eta Baionan, eta 20-21 gradukoak, Gasteizen eta Iruñean.
Euskalmetek larunbat goiz argia iragarri du, hodei gutxikoa. Arratsaldean, baina, bero-hodeiak ugaritu egingo dira, bereziki barnealdean, eta baliteke noizbehinka eta han-hemenka zaparradaren bat edo beste egitea. Hegoaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin haizeguneetan, baina arratsaldean iparraldera egingo du. Aldaketarik ez tenperaturan.
Igandean aldaketa nabarmenagoa izango da, eta astea euri kontuekin eta tenperatura nabarmen baxuekin amaituko dugu. Hodeiek zerua estaliko dute, eta zaparradak eta ekaitzak izango ditugu, batez ere egunaren bigarren partean. Euria sarriago eta ugariago egingo du Kantauri isurialdean. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira, eta 20 ºC-tik beherako balioetan geratu.
Joeraren arabera, euri kontuekin abiatuko dugu astea.