Gizartea -

ATXILOKETAK

Bost pertsona atxilotu dituzte Nafarroan 300 kilo kobre baino gehiago lapurtzea egotzita

Hiru gizon eta bi emakume dira atxilo hartutakoak, bostek aurrekariak dituzte lapurretagatik. Trafiko kontroletan atzeman dituzte, autoaren maletategian ostutako kobre kantitate handia zutela.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost pertsona, hiru gizon eta bi emakume, atxilotu dituzte Lizarraldeko (Nafarroa) errepideetan egindako trafiko kontroletan, Mendabian eta Sesman 300 kilo kobre baino gehiago lapurtu ostean, Guardia Zibilak ohar bidez jakinarazi duenez. 

Lehen atxiloketak Mendabian egin zituzten, El Cerrado izenez ezaguna den landa eremuko errepide batean. Goizaldean bide horretatik zihoan ibilgailu susmagarri bat atzeman zuten agenteek. Geldiarazi ondoren, autoaren maletategian telefono linea baten kobrezko 106 kable topatu zituzten, 100 kilo baino gehiago, baita kableak mozteko zizailak eta zerrak. Autoan zihoazen lau pertsonak atxilotu zituzten, denak Calahorrako (Errioxa) bizilagunak eta lapurretagatik aurrekariak zituztenak.

Hilabete geroago, N-1110 errepidean, Santsol parean, beste auto bati susmo txarra hartu zioten agenteek. Izan ere, atzeko esekidura ohi baino baxuago zuela igarri zuten, hots, karga handia eraman zezakeela maletategian. Geldiarazteko eskatu zitzaionean, gidariak aurrera jarraitu zuen, abiada bizian. Patruilak atzetik joan zitzaizkion, atxilotu arte. 

Auto barruan kobrezko kable ugari topatu zituzten, 200 bat kilo, eta horiek ebasteko zizailak eta zerrak. 38 urteko gizonezkoa Mendabian atxilotutako baten anaia zen, eta horrek ere aurrekariak zituen lapurretagatik. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lapurretak