Gizartea -
ISTILUAK
Bi atxilotu eta bi ikertu Bilbon, Athletic eta Manchesterren arteko partidaren ostean izandako istiluetan
Istiluak goizaldean gertatu dira Poza Lizentziatuaren kale inguruan, gazte talde batek kalean zeuden pertsonei botilak jaurti dizkienean. Hainbat pertsona zauritu dira eta emakume bat ospitalera eraman dute hankan egindako zauria sendatzeko.
EITB Media
Ertzaintzak 18 eta 17 urteko bi gazte atxilotu ditu Bilbon, eta beste bi ikerketapean jarri ditu, bart Poza Lizentziatuaren kale inguruan zegoen jendeari kristalezko botilak botatzeagatik.
Aipaturiko desordena publikoak 01:35ak aldera gertatu dira, Poza Lizentziatuaren eta Maria Diaz de Haro kaleen arteko elkargunean.
Hainbat pertsona zauritu dira eta emakume bat premiaz Basurtuko ospitalera eraman dute hankan egindako zauria sendatzeko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez.
Ertzaintzaren eta Bilboko Udaltzaingoaren arteko lankidetzari esker hainbat gazte identifikatu eta horietako bi atxilotu dituzte, desordena publikoak eragitea leporatuta. Horietako batek botila bat eta edalontzi bat zeramatzan arropa artean ezkutatuta, Segurtasun Sailaren arabera.
Atxilotutako biak aske utzi dituzte goizaldean, eta agintaritza judizialak deituko zain daude. Halaber, identifikatutako beste bi gazteri eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa.