Gizartea -
BILBO
Bi gazte atxilotu dituzte Bilbon, gizon bat jo eta beste bat labanarekin zauritzeagatik
Erasoa 02:45ak aldera gertatu da Abandon, eta zauritutako bi lagunak ospitalera eraman behar izan dituzte. Atxilotuak datozen orduetan utziko dituzte epailearen esku.
EITB Media
Ertzaintzak 20 eta 23 urteko bi gizon atxilotu ditu goizaldean Bilboko Abando auzoan, hirugarren bat jo eta laugarren bat labanarekin zauritzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Biktimetako bati ebakia egin diote eskuan eta beste batek kolpeak jasan ditu.
Erasoa 02:45ak aldera gertatu da. Segurtasun Sailaren arabera, Bilboko Abando auzoan zebilen Ertzaintzako patruila bati laguntza eskatu diote bi gizonek, talde batek eraso egin diela esanez.
Biktimen lekukotzaren arabera, pertsona batzuek errieta egin diete, eta, ondoren, lagunetako bat jo dute. Laguna defendatzen saiatu direnean, erasotzaileetako batek labana atera eta beste bati eraso egin eta eskuan ebakia egin dio. Bien bitartean, erasotzaileek laguna jotzen jarraitu dute, eta espaloian zaurituta geratu da.
Bertaratutako agenteak susmagarrien bila hasi dira, eta handik gutxira inguruko diskoteka baten inguruan aurkitu eta atxilotu egin dituzte.
Atxilotuei lesio delitua leporatu diete, horietako bati arma zuriarekin eraso egiteagatik. Ondoren, ertzain etxera eraman dituzte dagozkion polizia-izapideak egitera, eta datozen orduetan utziko dituzte epailearen esku.
Bestalde, bi biktimak ospitalera eraman behar izan dituzte.