Gizartea -

Memoria

Eusko Jaurlaritzak omenaldia egin die kontzentrazio-esparruetara deportatutako 253 euskal herritarrei

Gogora Institutuak Irunen antolatutako ekitaldiak, nazien izugarrikerien biktima zuzenak izan zirenen sufrimendua aitortzeaz gain, erakundeen ahanzturaren aurrean oroimena bizirik mantendu duten familien, historialarien eta memoria-elkarteen ahalegina ere aitortu du.

Deportatutako bi euskal herritarren senideak, omenaldian. Argazkia: Irekia
Deportatutako bi euskal herritarren senideak, omenaldian. Argazkia: Irekia
Kontzentrazio-esparruetara deportatutako 253 euskal herritarrak gogoratu dituzte

0:38

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak urrats historikoa egin du nazismoaren biktimak aitortzeko, lehen aldiz aitortza bateratua egin baitie 1940 eta 1945 bitartean nazien kontzentrazio-esparruetara deportatu zituzten 253 euskal herritarrei. Memoria-, justizia- eta erreparazio-zor hori kitatzen hasi da, hainbat hamarkadatan ahaztuta izan ondoren.

Eusko Jaurlaritzak Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez Ficoban (Irun) antolatu duen ekitaldiak, nazien izugarrikerien biktima zuzenak izan zirenen sufrimendua aitortzeaz gain, haien familien, historialarien eta elkarteen etengabeko ahalegina ere aitortu du, haien oroimena bizirik mantendu baitute erakundeen ahanzturaren aurrean.

Datuak ikaragarriak dira: 253 euskal herritar deportatu zituzten, eta horietako 113 kontzentrazio-esparruetan hil ziren. Beste asko handik gutxira hil ziren, toki horietan pairatutako baldintza ankerren ondorioz: pilaketa, bortxazko lanak, torturak, gosea eta muturreko hotza. Mauthausen-Gusen izan zen euskal herritar gehien hartu zituen eremua, nazien erregimenak "bereziki arriskutsuak" ziren etsai politikoentzako zigor eremu gisa zuena. Horien artean, sozialistak, anarkistak, errepublikanoak eta euskal nazionalistak zeuden.

Lehendakariak omenaldia egin die kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal biktimei
Lehendakariak omenaldia egin die kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal biktimei
Lehendakariak omenaldia egin die kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal biktimei

0:24

Imanol Pradales lehendakariak bere hitzaldian gogoratu duen bezala, pertsona horietako askoren bidaia benetako kalbarioa izan zen: frankismoaren aurka borrokatzea, Frantziara erbesteratzea, Frantziako kontzentrazio-esparruetan sartzea, nazismoaren aurkako erresistentziarekin bat egitea eta nazien esku amaitzea. "Naziak duintasuna kentzen saiatu ziren, eta aliatuek itxaropena lapurtu zieten. Gaur, haien oroimena gogoratzeko eta ohoratzeko gaude hemen. Gehienek ezagutu ez zutena defendatzeko gaude hemen: beren bizitzak eman zituzten Euskadi demokratikoa", esan du.

Era berean, Pradalesek barkamena eskatu du biktima horiek publikoki aitortu gabe "igarotako denboragatik", eta esan du garrantzitsua dela iragana eta gaur egungo estremismo, populismo edo autoritarismo moduak ez hutsaltzea: "Betiko autoritarismoek berpizten dituzten diskurtsoen aurrean zutik jarri behar dugu".

Hannah Arendtek "gaizkiaren hutsalkeriaz" egindako ohartarazpena gogoratu du, eta belaunaldi bakoitzaren erantzukizun historikoari dei egin dio: "Gurea da gizon eta emakume haiek beren bizitzarekin —askatasuna, demokrazia, giza eskubideak eta bakea— totalitarismoaren aurrean defendatu zituzten balioak defendatzea".

Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak, bere aldetik, deportazioaren biktimak gogoratu ditu, "erregimen frankistaren gorroto errebantxistak euskal eta espainiar nazionalitatea ukatu zien milaka aberrigabe. Txarrantxa artean itxita, oinarrizkoena ere kendu zieten, baita eskubideak izateko eskubidea ere". Pairatutako biktimizazio bikoitza ere aipatu du sailburuak, 253 deportatuen eta haien familien bizitza inguratu duen isiltasun bidegabe eta ahanzturagatik.

Nazismoaren kontzentrazio-esparruen askapenaren 80. urteurrenaren testuinguruan, Gogorak deportazioaren biktimak gogoratzeko ekitaldi hau antolatu du. Aitortza ekitaldi hau biktimen familiek eta gertaera horren memoria berreskuratzeko lan egiten duen elkarte-mugimenduaren eskaria da. Ekitaldiaren amaieran ikusi den bideoan, biktimen izen-abizenak irakurri dituzte, omenaldi eta aitortza gisa.

Deportatuen bi senidek, seme-alabek, ekitaldian parte hartu dute, eta horrek lagundu egin du deportatuen familiek gainditu behar izan dituzten egoerak ezagutzeko, birena gogora ekarrita. Maitena Salinas aurkezleak Eugenio Azurza eta Asun Azurza alabari eta Lola Madariagari lagundu die euren bizipen pertsonalak kontatzen.

Pedro Madariaga eta Jose Maria Azurza euskal herritarrek kontzentrazio-esparruetan bizitakoa
Pedro Madariaga eta Jose Maria Azurza euskal herritarrek kontzentrazio-esparruetan bizitakoa
Pedro Madariaga eta Jose Maria Azurza euskal herritarrek kontzentrazio-esparruetan bizitakoa

1:26

Euskal deportatuen datuak

Deportatutako 253 euskal herritarretatik, 113 hil egin ziren, 125 salbatu, eta ez dakigu zer gertatu zitzaien gainerako 15ei. Hau da, hildakoen kopurua (% 47) eta bizirik atera zirenena (% 53) parekoa da. Gainera, oso deigarria da Mauthausenen hildakoen kopurua, deportatu ostean hil zituzten euskal herritar guztien bi herenak (% 65) akabatu baitzituzten bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Gogora