Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat inputatu dute asteartean Gasteizko etxebizitza batean gertatutako sexu-eraso batengatik
Udalak gertatutakoa gaitzetsi du, eta astelehen honetan 11:30ean Espainia plazan egingo den protesta-elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die herritarrei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gizon bat inputatu dute asteartean Gasteizko etxebizitza batean emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Antza denez, erasoa apirilaren 29an gertatu zen, etxebizitza baten barruan, eta, hurrengo egunean, biktimak salaketa jarri zuen Ertzaintzaren aurrean.
Ertzaintzak ikerketa hasi, eta gizon bat identifikatu eta inputatu zuen, sexu-eraso bat egitea egotzita. Izapideak Gasteizko Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegira bidali zituzten, eta hark bideratuko ditu hurrengo pausoak.
Gasteizko Udalak "gaitzespen irmoa" adierazi du larunbat honetan, ohar baten bidez, eta "biktimari zein haren inguruari babesa eta elkartasun osoa" helarazi dizkie. Udalak Indarkeria Matxistaren aurrean Erantzuteko Protokoloa aktibatu du, eta gaitzespen elkarretaratzea deitu du astelehenerako.
Protesta 11:30ean izango da, Espainia Plazan, "Gasteiz eraso matxisten aurka'" lelopean, eta Udalak dei egin die herritarrei protesta horretan zein Mugimendu Feministak dei ditzakeen gaitzespen-ekitaldietan parte hartzera, Udaletik ere bat egingo baitute.
Udalak oharrean azpimarratu du "indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria" dela, "hainbat forma" hartzen dituela eta "lehen mailako arazo soziala" dela.
Gauzak horrela, "Gasteizko Udalak, emakumeen giza eskubideak benetan gauzatzen direla bermatzeko erantzukizuna duen erakunde publikoa denez, neurriak sustatzen jarraituko du edozein eraso matxistaren aurrean berehala eta irmo erantzuteko, biktimari lehentasunezko arreta emateko, emakumeei indarkeriari aurre egiteko tresnak emango dizkieten prebentzio-neurriak garatzeko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez onartzeko".