Gizartea -
Araba
Sutea izan da Oiongo enpresa batean, baina ez da inor zauritu
Gasolio eta hondakin biltegietan piztu da sua, eta lantegiaren aurrealdeak jasan ditu kalte handienak. Sua itzalita dago, eta ez da inguruko enpresa edo etxebizitzetara zabaldu.
agentziak | eitb media
Sutea piztu da bart, 03:20 aldera, Oiongo (Araba) enpresa batean, baina erabat itzali dute, ez da inguruko enpresa eta etxebizitzetara zabaldu, eta ez da inor zauritu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, El Puntido industrialdean izan da sutea, egurrerako eta antzeko materialetarako bernizak eta industria-estaldurak ekoizten dituen enpresa bateko gasolio eta hondakin biltegietan.
Ke laino handia sortu da hasieran, baina laster txikitu da eta haizeak zabaldu du, baita inguruko lurraldeetara ere (Nafarroa eta Errioxa).
Oraindik ez dakite zerk eragin duen sutea, baina enpresaren atzeko aldea bakarrik kaltetu da, eta ez da kalterik izan ondoko enpresa eta etxebizitzetan.
Arabako eta Errioxako suhiltzaileek eta Babes Zibileko kideek parte hartu dute sua itzaltzeko eta ingurua zaintzeko lanetan, eta Eusko Jaurlaritzaren Larrietako teknikari bat bertaratu da.