Gizartea -

GIZA ESKUBIDEAK

Haur eta gazte transexualitateari buruzko Naizen I. Nazioarteko Biltzarra hasiko da astelehenean Bilbon

Aingeru Mayor Naizen elkarteko kideak azaldu duenez, Euskadin egoera hobea da beste leku batzuetakoarekin alderatuta, baina haur eta nerabe transexualen egoera hobetzen jarraitu beharra dago oraindik.

Naizen elkartearen urteroko topaketan ateratatako argazkia.
Naizen elkartearen urteroko topaketan ateratatako argazkia.
Aingeru Mayor, Naizen: ''Trans legeak sortu zuen zarataren ondorioz, badirudi atzerakako haizeak datozela''

1:58

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haur eta gazte transexualitateari buruzko Naizen I. Nazioarteko Biltzarra egingo dute maiatzaren 5ean eta 6ean Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoan.

Naizen adingabe transexualen familien elkarteak antolatuta, jardunaldietan ikertzaileek beren ezagutzak partekatuko dituzte, eta errealitate horri lotutako ebidentzia zientifikoak azalduko dituzte, elkarte horrek jakinarazi duenez.

Hainbat arlotako ordezkariak bilduko dira: ikerketa, hezkuntza, gizarte hezkuntza eta gizarte lana, sexologia, psikologia, psikiatria, endokrinologia, soziologia, administraritza, etab., aktibistak, trans pertsonak, senideak eta haur eta gazte transexualen egoeragatik interesatuta eta haiekin konprometituta dauden pertsonak.

Biltzarreko mahai eta hitzaldietan, hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola ikerketaren gaurko egoera: aztergai egongo da zer har daitekeen ebidentziatzat eta zer ebidentzia ditugun gaur egun haur eta gazte transexualei buruz. Halaber, beste gai hauek ere jorratuko dituzte: begirada eta ikuspegi teorikoetan aniztasuna, osasun-zerbitzuetatik eta eskola-eremutik eskaintzen den akonpainamendua, trantsituetan geratzen diren noranzko-aldaketak, eta errealitate ez-bitarrak. Orobat, aukera egongo da trans bizipenak ezagutzeko eta baita familien elkarteen ahotsa entzuteko ere.

Ekitaldia Bilboko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera antolatu dute, eta hiru foru aldundien, Osakidetzaren, Kutxabanken, EITBren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren babesa du.

Naizen irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako adingabe transexualen familiak biltzen ditu. 2015ean sortu zuten elkartea 8 familiak, eta gaur egun 300 baino gehiago biltzen ditu. Helburu nagusia familien artean elkarri laguntzeko sareak sortzea da. Elkarteak, gainera, informazioa, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen dizkie familiei zein edozein arlotako profesionalei. Errealitate hau ikusaraztea ere sustatzen du, eta azterlan eta ikerketetan parte hartzen du.

Aingeru Mayor Naizen elkarteko kideak larunbat honetan Radio Euskadin egindako elkarrizketan adierazi duenez, Euskadin egoera beste hainbat tokitan baino hobea bada ere, "haur transexualen egoera hobetzen jarraitu behar dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LGTBI Umeak Giza eskubideak