Gizartea -
Nafarroa
Aroztegiko auzipetuen aldeko kanpaldia abiatu dute Elizondon
Zazpi ekintzaile epaituko dituzte maiatzaren 19an, Aroztegia makroproiektuaren kontrako protestetan parte hartzeagatik. "Talde kriminaleko kide izatea" egotzi diete, eta guztira 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 eurotik gorako isunak eskatzen dizkiete.
EITB MEDIA
Aroztegiko Elkartasun Komiteak deituta, kanpaldia abiatu dute gaur, igandea, Elizondon, auzipetutako zazpi ekintzaileen absoluzioa eskatzeko eta horiei elkartasuna adierazteko. Auzipetuei "talde kriminaleko kide izatea" egotzi diete, eta guztira 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 eurotik gorako isunak eskatzen dizkiete. Epaiketa maiatzaren 19an hasiko da.
Epaiketa hasi aurretik, auzipetuak babesteko sareak astebeteko kanpaldia abiatu du gaur Elizondoko plazan, maiatzaren 10era arte. Protestak iraun bitartean, ekintzaileek kontzertuak, hitzaldiak, bizikleta martxak eta bestelako ekimenak antolatu dituzte herritarren inplikazioa sustatzeko.
Aroztegiko proiektu polemikoa 2021ean abiatu zen, eta Lekaroz herri txikian —350 biztanle inguruko herrixka batean— luxuzko 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelai bat eraikitzea aurreikusten zuen. Lehen makineriak agertu zirenean piztu zen herritarren protesta, eta mobilizazioak obrak gelditzea lortu zuen. Hala ere, zazpi lagun auzipetu dituzte horregatik.
Otsailaren 1ean, manifestazio jendetsua egin zen Iruñean proiektuaren aurka eta auzipetuen alde.