Gizartea -

Garraioa

Kobrea lapurtu dute AVEren Madril eta Sevilla arteko zatian, eta milaka bidaiari kaltetu dira

Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak "sabotaje ekintza" larritzat jo du gertakaria, eta laguntza eskatu die herritarrei egileak harrapatzeko. Tarte horretako zerbitzua etenda egon da eta 09:30 aldera berrezarri da.

AVEa Madrilen. Argazkia: EFE
AVEa Madrilen. Argazkia: EFE
Kobre lapurreta izan da Toledon, eta 10.000 bidaiariri eta 30 treni eragozpenak eragin dizkie

0:25

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrid eta Sevilla lotzen dituen AVEren zatian kobre lapurreta izan da igande iluntzean Toledo probintziako zenbait puntutan, eta 10.000 bidaiariri eta 30 treni baino gehiagori eragozpenak eragin dizkie. Abiadura handiko trenaren zerbitzua eten egin zen Espainiako eta Andaluziako hiriburuen artean, eta gaur ere izan da arazorik, Maiatzaren Leheneko zubiaren itzuleran.

Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak esan du gertakaria "sabotaje ekintza larria" izan dela, eta laguntza eskatu die herritarrei lapurrak harrapatzeko. Gainera, iragarri du 09:30ean berrezarri behar zutela Madril eta Sevilla arteko tren-zerbitzua.

Ministroak adierazi du nahita egindako sabotaje itxura duela, egin duenak bazekiela "zer egiten ari zen". Izan ere, lapurreta egindako tartean ez dago segurtasun-kamerarik, eta maiatzeko zubiaren amaieran egin da. Gainera, zehaztu du lapurtutako materialarekin 1.000 euro besterik ezin direla irabazi.

Bart, Juanma Moreno Andaluziako presidenteak "erabateko lehentasunez" jardun zezala eskatu zion Espainiako Gobernuari trenetan harrapatuta zeuden bidaiariei irtenbidea eman ziezaien, eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak gogor jo zuen Moncloaren aurka: "Itzalaldiak, matxurak… Egunero da zorigaitzen bat, lotsa nazioartean eta kaltea ekonomiari".

Garraio Ministerioak atzo gauean jakinarazi zuenez, kable mozketak eta lapurretak Los Yebenesen eta Mazanequen izan ziren, eta "lineako seinalizazioari" eragin zizkion arazoak.

Gorabeheraren berri izan eta berehala joan ziren langileak kablea jartzera.

Bidean geratu ziren trenak helmugara el zitezen errazteko, Atochako (Madril) azken irteerak bertan behera geratu ziren. Geltokia irekita egon da gauez, bidean ez aurrera ez atzera geratu diren bidaiariak bertara iritsi behar zirelako.

Garraio ministroak azaldu zuen Guardia Zibila ikertzen ari dela gertatutakoa, eta zehaztu zuen lapurreta lau puntutan izan zela, 10 kilometroko erradioan.

Matxura katenarian

Gaur goizean ordubete atzeratu dira AVEren Madrid-Sevilla eta Madrid-Toledo ibilbidea egin behar zuten trenak, bi noranzkoetan, konponketa lanak egin zitzaten tartea uzteko.

Izan ere, kobre lapurretaz gain, Adifek jakinarazi du katenaria batean matxura izan dela Yeles eta La Sagra artean, eta horrek ere atzerapena eragin duela zerbitzuan.

Adifek jakinarazi duenez, "kable lapurretaz gain, atzoko 21:40ean tentsiorik gabe geratu zen katenaria bat Yeles eta La Sagra artean, bi noranzkoetan". Matxura dagoeneko konpondu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Garraio publikoa