Gizartea -
EUSTAT
Jaiotza-tasa % 7,4 jaitsi zen Euskadin 2024ko laugarren hiruhilekoan
Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren erdia baino gehiago izan ziren 2024ko laugarren hiruhilekoan; ama izan ziren emakumeen % 29,5ek atzerriko nazionalitatea zuten.
EITB MEDIA
Eustaten datuen arabera, 2024ko laugarren hiruhilekoan 3.232 haur jaio ziren Euskadin, aurreko urteko aldi berean baino % 7,4 gutxiago. Nabarmentzekoa da koska Gipuzkoan izan zela handien 1.071 haur jaio ziren (hau da, aurreko urtean baino % 13,1 gutxiago); Araban 540, % 9,2 gutxiago, eta Bizkaian 1.621 haur, % 2,5 gutxiago.
2024ko laugarren hiruhilekoan, Euskadin ama izan ziren emakumeen % 29,5ek atzerriko nazionalitatea zuten, eta ehuneko hori 2023ko aldi berekoa baino % 26,4 handiagoa da. Araban ehuneko horren gaineko datua lortu zen, % 39,3ra iritsita; eta ondoren, Gipuzkoa eta Bizkaia, % 30,3ko eta % 25,7ko ehunekoekin, hurrenez hurren.
Jaiotzak amen adinaren arabera banatuz gero, 30-34 urteko amen ehunekoa % 32,9 da, 35-39 urteko amena % 32,7 eta 25-29 urteko taldearena % 14,5. 40 urtetik gorako amak (% 12,4) 25 urtetik beherakoak baino gehiago izan ziren (% 7,5).
Amen adina nazionalitatearen arabera ere aldatu egiten da. Izan ere, amen batez besteko adina 33,4 urtekoa da, atzerriko amena 30,7 urtekoa, eta Espainiako nazionalitatea dutenena 34,5 urtekoa.
Ezkontzaz kanpoko jaiotzak guztizkoaren % 50,3 izan ziren 2024ko laugarren hiruhilekoan, hau da, 2023ko aldi berean erregistratutakoa baino 1,1 puntu gutxiago.
Jaiotza-hurrenkeraren arabera, jaiotako erdiak baino gehiago (% 50,7) lehenengo seme-alabak ziren (1.640); 1.144 (% 35,4) aurrez behin erditu ziren amak izan ziren; eta hirugarren eta ondorengo seme-alabak, 448 (% 13,9).
2024ko balantzea
2024. urte osoa kontuan hartuta, bizirik jaiotako haurren behin-behineko zifra 12.904 izan zen, hau da, 2023ko datuekin alderatuta, 549 gutxiago (-% 4,1). Jaitsiera hori hiru lurraldeetan gertatu zen; Araban % 5,5 jaitsi zen (121 jaiotza gutxiago), Bizkaian % 4,2 (283 jaiotza gutxiago) eta Gipuzkoan jaitsiera % 3,2koa izan zen (145 jaiotza gutxiago).