Gizartea -
Eguraldia
Udazkeneko giroa izango dugu asteari ekiteko, baina asteazkenerako eguzkia bueltan espero da
Fronte baten eraginpean izango gara datozen orduetan, eta euria eta tenperatura beherakada izango dira aldaketa nabarmenenak. Dena dela, aste erdian egonkortzera egingo duela iragarri du Euskalmetek.
EITB MEDIA
Udaberri betean egonagatik, udazkeneko traza hartuko du maiatzeko lehen aste honen hastapenak. Gaur-biharretan, hodeitsu egongo da zerua, eta euria egingo du; gainera, termometroek beherako bidea egingo dute. Bustitik ekingo badio ere, asteazkenetik aurrera eguzki gehiago eta giro epelagoa izango dugula iragarri du Euskalmet euskal meteorologia agentziak.
Gaur, astelehena, tenperatura beherakada izango da nabarmenena, bezperan baino bospasei gradu beherago kokatuko baitira termometroak. Hori horrela, hotzenak 10 ºC-koak izango dira kostaldean, eta 6-7 ºC-koak, barnealdean; beroenek ez dute 15 ºC-tik gora egingo. Haizeak iparraldetik joko du, bolada gogorrekin kostaldean, eta Ebro ibarrean ziertzoak joko du. Horrek guztiak hotz sentsazioa areagotuko du. Goizean zerua estalita egongo da eta zaparradak botako ditu, batez ere Kantauri isurialdean; arratsaldean, tarteka baino ez du egingo euria, eta baliteke ostarteren bat ere zabaltzea.
Astearterako antzeko eguraldia izango dugu, akaso ilunagoa. Zerua oso hodeitsu egongo da goizean, eta zaparrada batzuk egingo ditu, batez ere Kantauri isurialdean; egunaren amaieran, aldiz, hodeiak gutxituko dira eta atertzera egingo du, batez ere barnealdean. Ipar-haizea nagusituko da berriro eta tenperatura minimoek behera egingo dute.
Asteazkenean egonkortzera egingo du aroak: eguzki tarte gehiago izango ditugu eta euria egiteko probabilitatea nahiko baxua izango da. Egunean zehar, hodeiak eta urdinguneak tartekatuz joango dira. Arratsaldean, bero-hodei batzuk ager daitezke mendi inguruetan, zaparrada bakanen bat ere egin dezake, baina leku gehienetan ateri eutsiko dio. Kostaldean eguerditik aurrera eguzkitsu egongo da. Tenperatura minimoak fresko samarrak izango dira oraindik, baina maximoak hiruzpalau gradu igoko dira (17-18 ºC-raino).
Joeraren arabera, osteguna ere nahiko argia izango da, eta ostiralean, ekaitzak jotzeko aukera handituko da.