Gizartea -

I. Nazioarteko Biltzarra

Haur transexualen aurkako eskola jazarpenak eta gorroto delituek gora egin dute, Naizenek ohartarazi duenez

Adingabe transexualen familien elkartea I. Nazioarteko Biltzarra egiten ari da gaur-biharretan, 400 adituren parte-hartzearekin. Nabarmendu dute "sexu identitatea errespetatzen duen lehen belaunaldiaren aurrean" gaudela; ifrentzuan, eskubideak ukatzeak dituen ondorio kezkagarriak dituzte hizpide.

Mayor, agintariak eta biltzarreko hizlarietako batzuk ondoan dituela, gaur. Irekia
Mayor, agintariak eta biltzarreko hizlarietako batzuk ondoan dituela, gaur.
Mayor, agintariak eta biltzarreko hizlarietako batzuk ondoan dituela, gaur. Irekia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naizen adingabe transexualen familien elkarteak ohartarazi duenez, sexu identitatearen eta haur transexualen kontrako gorroto delituak eta eskola jazarpena hazi egin da. Halaber, eskubideak ukatzeak "atzerapauso kezkagarriak" dakartzala azpimarratu du. 

Elkartea I. Nazioarteko Biltzarra ari da egiten Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoan. 400 bat profesionalek haur eta gazte transexualitatearen auzia jorratuko dute gaur-biharretan.

Adituez gain, EAEko agintari eta erakundeen ordezkaritza zabalarekin ekin diote biltzarrari. Besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Alberto Martinez eta Nerea Melgosa, hurrenez hurren, Osasun eta Ongizate, Justizia eta Erronka Demografikoko sailburuak eta Eusko Legebiltzarreko hainbat kide izan dira jardunaldiotan.

Aingeru Mayor Naizenen sortzaile eta EHUko irakasleak abiatu ditu adituen hitzarteak. Azken hamarkadan izandako aurrerapenak aipatu ditu. "Duela 15 urte transexualitatea ikusezina zen, pentsaezina. Gaur egun, ordea, bere sexu identitatea errespetatua eta onartua duen lehen belaunaldiaren aurrean gaude".

Azaldu duenez, sexu identitatea ez dago genitaleetan, ezta kromosometan ere. Kontrara, "prozesu kognitiboekin du zerikusia, eta kulturak erabat baldintzatzen du. Beraz, ezinbestekoa da ulertzea gauza bat izatea dela, eta bestea edukitzea".

Identitate sexuala onartzearen onurez mintzatu da segidan. Izan ere, gutxienekoak dira (% 2 inguru) tratamendu hormonaletan atzera egiten dutenak, eta identitatea ez onartzeak sufrimendua baino ez dakarkie umeei: "tristura, depresioa, larritasuna, eta hiltzeko nahia", zerrendatu ditu. Era berean, trantsitua pubertaroa igarota abiatzen duten adingabeek "sufrimendu maila handiagoak" dituztela zehaztu du.

Azkenik, gai horren inguruan "profesional falta" dagoela ohartarazi du, eta adibide gisa jarri du unibertsitateetan ez dagoela transexualitateari buruzko espezializaziorik. 

Zerbitzu gehiago Lehen Arretan

Imanol Pradales lehendakariak biltzarraren inaugurazioan iragarri duenez, aurten pertsona transexualei zuzendutako zerbitzu berriak jarriko dituzte Lehen Arretan. Lurralde guztietan unitate berria bana paratuko dute, sexu dibertsitatean trebatutako psikologoekin. 

Bestalde, arlo horretan Osakidetza egiten ari den lana goraipatu du. Hain justu, Gurutzetako Ospitalean Genero Identitatearen Unitatea dagoela nabarmendu du. Sortu zutenetik, 2011tik, 1.300 pertsona baino gehiago artatu ditu.

Lehendakariaren esanetan, "mutilak zakildunak eta neskak aludunak direla esatea mundua ikusteko modu murriztaile eta okerra da". Horren aurrean, errealitatea "betaurreko bidezkoagoekin" begiratzeko deia egin du. 

Pertsona transexualentzako Lehen Mailako Arretako zerbitzu berriak abiatuko dituela iragarri du Pradalesek
Pertsona transexualentzako Lehen Mailako Arretako zerbitzu berriak abiatuko dituela iragarri du Pradalesek
Pertsona transexualentzako Lehen Mailako Arretako zerbitzu berriak abiatuko dituela iragarri du Pradalesek

0:34
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LGTBI Imanol Pradales