Gizartea -
KUTSADURA
Bilboko 16 eskolatako inguruko aire kalitateak ontzat emandako nitrogeno dioxido maila gainditzen du
Ekologistak Martxan taldeak egin berri duen azterketa baten arabera, Osasunaren Munduko Erakundeak ezarritako kutsadura mailak bakarrik ez, zenbait tokitan 2024/288 Europako Zuzentaraua ere ez da betetzen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilbon neurtutako 16 eskoletako inguruetan nitrogeno dioxido (NO2) bidezko kutsadura Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) erreferentzia gisa ezarritakoa baino lau aldiz handiagoa da. Erakunde horrek gehienez ere 10 µg/m³-ko maila ezartzen du. Gainera, hiru zentrotan 2024/288 Europako Zuzentarauak ezarritako muga (40 µg/m³) ere gainditzen da.
Ekologistak Martxan taldeak egindako neurketek azalarazi dituzte datuok. Kolektibo horren iritzian, "premiazkoa da eskola-inguruneetako eta osasun-zentroetako trafikoa ezabatzea", azterketak erakusten baitu "errekuntza-ibilgailuak" direla "kutsaduraren foku nagusia". "Motordun trafikoak eragiten du hiri-inguruneetako NO2 bidezko kutsaduraren % 80".
Besteak beste, Kontxa Jeneralaren, Autonomia edota Simon Bolivar kaleetan, Sabino Arana etorbidean, Mazarredo zumarkalean edota Deustun daude aipatutako ikastetxeak.
Horrez gain, zabaldutako oharrean, talde ekologistak salatu du Eusko Jaurlaritzaren Neurketa Estazio Ofizialek Bilboko kutsadura mailaren inguruan zabaldutako datuek "kutsadura makilatzen" dutela. "Neurketa horiek balio dute erakusteko neurketa-estazioak ez direla hiribilduan arnasten den airearen adierazgarri; izan ere, araudiaren arabera, estazioek kutsadura handiko eremuetan egon behar dute".