Gizartea -

''Denon trena''

AHTaren ordez, EH Bilduk tren "erabilgarri, jasangarri, azkar eta errentagarri" bat proposatu du

Arabako eta Nafarroako hainbat eskualdetako udal ordezkariek kanpaina abiatu dute euren alternatiba ezagutarazteko. Abiadura handiko plataforma berri bat eraiki barik, egungo trenbide korridorea modernizatzearen alde egiten dute. Argudiatu dutenez, % 45 merkeagoa da.

Aitor Larraza eta Txelo Auzmendi, ekimenaren aurkezpenean. Argazkia: @EHBildu
Aitor Larraza eta Txelo Auzmendi, ekimenaren aurkezpenean.
Aitor Larraza eta Txelo Auzmendi, ekimenaren aurkezpenean. Argazkia: @EHBildu

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura handiko plataforma berri baten eraikuntza proiektuaren aurrean, Miranda Ebro (Burgos) eta Iruñea arteko egungo trenbide korridorea modernizatzea proposatzen duen alternatibaren aldeko kanpaina abiatu dute gaur Añanako Kuadrillako, Arabako Lautadako eta Sakanako (Nafarroa) EH Bilduko udal ordezkariek.

Euren ustez, abiadura handiaren aurrean, eurena "aukera egokia eta zentzuzkoa" da. Nabarmendu dutenez, korridore bakar batean hiru zerbitzu emango lituzke 'Denon trena' deitu duten egitasmoak: herritarrentzako aldiriko trena, zerbitzu azkarra eta merkantziak.

"Azken hilabeteotan AHTak gure eskualdeak nondik eta nola zeharkatuko dituen izaten ari da eztabaida politikoaren ardatz nagusietariko bat. Balizko lotuneak aipatzen dira, ibilbideak marrazten dira, baina eztabaida horretan tokian tokiko erakundeak eta eragileak ez dira kontuan hartu, ezta garraioaren eta mugikortasunaren ereduari dagozkion gainerako aldagai guztiak ere. Dirudienez, AHTa da alternatiba bakarra. Guk, aldiz, argi dugu. Alternatiba egon badago", adierazi dute Aitor Larraza Sakanako Mankomunitateko presidenteak eta Txelo Auzmendi Asparrengo (Araba) alkateak.

EH Bilduk proposatu duen tren alternatiba "erabilgarria, jasangarria, azkarra eta errentagarria da". Euren hitzetan, "erabilgarria da jendeari zerbitzua ematen diolako, herriak eta hiriak lotzen dituelako eta industriaguneei zerbitzua ematen dielako. Jasangarria da lurraldean orbain berririk sortzen ez duelako eta bikoizketak saihesten dituelako. Azkarra da abiadura handiko plataforma berri baten eta gaur egungo trenbidea modernizatzearen arteko aldea minutu gutxikoa delako. Eta errentagarria da Miranda eta Iruñea arteko kostua % 45 murrizten delako, 500 miloi euro gutxiago, hain zuzen".

Udal ordezkariek azaldu dutenez, euren proposamena bultzatzeko hainbat ekimen egingo dituzte. Berbarako, alternatiba aztertzea eskatuko diote Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, eta sei hitzaldi antolatuko dituzte korridorean, xehetasunak azaltzeko asmoarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Araba Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Arabako Lautadako kuadrilla Añanako Kuadrilla