Gizartea -
Amen Osasun Mentalaren Eguna
Amen osasun mentala, jorratu beharreko bidea oraindik ere
Haurdunaldian eta erditu ondoren amaren osasun mentala zaintzeari gero eta garrantzi handiagoa ematen diogun arren, osasun mentaleko profesionalek diote oraindik bide luzea dagoela egiteko. OMEk dio emakumeen % 20k antsietate eta depresioaren sintoma klinikoak izan ditzaketela etaparen batean.
A. SANTESTEBAN | eitb media
Emakume askok etapa perinetalean, hau da, haurdunaldiaren amaieratik erditzearen ondorengo lehen hilabeteetara, aldaketa fisiko, hormonal eta emozional sakonak izaten dituzte. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), % 20 inguruk antsietatea, depresioa edo izua izaten dute. Gainera, 10 emakumetik 7k, ez dute laguntzarik eskatzen, errudun sentitzen direlako gizartearen aurrean.
Gaur, maiatzak 7, Amen Osasun Mentalaren Munduko Eguna da, amen eta familien osasun mentalaren garrantzia aitortzeko eguna. Egun horren helburua da amen buru osasuneko arazoei buruzko kontzientzia piztea, gero eta emakume gehiagok profesional baten laguntza bila dezaten eta tratamendu egokia jaso dezaten. Izan ere, oraindik tabua da, hein handi batean: amatasunaren idealizazioak eta "ama ona" izatearen presio sozialak emakume askoren mina isilaraztea edo gutxiestea eragiten du.
Hala ere, azken urteotan kontzientzia pizten ari da osasun mental perinatala dela eta. Hainbat erakunde (osasun mentalekoak, emakumeen eskubideekin lotutakoak) lanean ari dira estigma desagerrarazteko. Medikuntza eta osasun publikoaren alorrean ere gero eta laguntza-zerbitzu gehiago daude. Nolanahi ere, osasun mentaleko adituen aburuz, oraindik bada lanik egiteko.
Ohikoa da osasun mentaleko nahasmenduak izatea haurdunaldian zehar eta erditu ondoren. Nahasmendu nagusia depresioa da. Depresio perinatalean aldarte eskasa, interes-galera, nekea eta errudun sentimendua izaten dituzte emakumeek. Antsietate-nahasmenduak ere izaten dituzte maiz, besteak beste, beldur iraunkorrak, pentsamendu obsesiboak edo gorputz-tentsioak. Badira erlazionatutako traumak ere, aurreko abortuak, erditze traumatikoak eta indarkeria obstetrikoak eragindakoak, edo haurraren galera edo sufrimendu perinatalak (stillbirth, abortua) ekarritakoak.
Ama eta haurraren arteko harremana kaltetu dezakete aipatu arazoek eta, esaterako, haurraren garapen emozional eta kognitiboa eragin. Gainera, amaren bakardade eta errudun sentimendua eta autoestimu eskasa areagotzea ekar dezake, eta ama eta familia osoarentzat osasun fisiko eta sozialeko ondorio larriak.
Prebentzioa eta detekzioa
Testuinguru horretan, profesionalen ustez, laguntza eta prebentzioa guztiz beharrezkoak dira. Horien arabera, emakumeek ez dute soilik jarraipen obstetrikoa behar: oso-osorik zaindu behar da haien ongizatea. Kalitatezko laguntza psikologiko eta emozionalak arrisku psikologikoak murrizten ditu, erditze-esperientzia hobetzen du eta ama-haurra lotura sendotzen du.
Haurdunaldiaren hasieratik osasun mentalari erreparatzea bultzatu beharra azpimarratzen dute adituek, eta azkar detektatzea, hau da, sintomak lehenbailehen identifikatzea. Behin identifikatuta, interbentzioa beharrezkoa da, psikologo perinatalekin lan egitea eta laguntza soziala aktibatzea.
Emakumearekin entzute aktiboa landu behar da eta horretan jarri fokua, psikologo askoren esanetan. Halaber, uste dute emozio guztiak baliozkotzea ere garrantzitsua dela, baita "deserosoak" direnak ere. Arazoari aurre egiteko, bikotekidea eta ingurukoak sentsibilizatuta egotea nahitaezkoa da, eta laguntza profesionala eskuragarri izatea.