Gizartea -

GERTAKARIA

Ikerketa zabaldu dute Iruñeko Donibane auzoan hilda agertu den gizon baten heriotza argitzeko

Etxebizitza eraikin bateko eskailera buruan agertu da gorpua, odol putzu baten gainean eta labana bat ondoan zuela. Hipotesi guztiak zabalik ditu Udaltzaingoak. Banatzaile batek aurkitu du gorpua, eraikineko bigarren solairuko eskailera-burura iritsi denean, pakete bat entregatzeko asmoz.

Iruñeko Donibane auzoa, gaur. Argazkia: EITB Media
Iruñeko Donibane auzoa, gaur. Argazkia: EITB Media
Gizon baten gorpua aurkitu dute Iruñeko eraikin bateko eskailera-buruan

0:39

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat hilda agertu da Iruñeko Donibane auzoko etxebizitza eraikin bateko eskailera buruan, eta hango Udaltzaingoak ikerketa zabaldu du, heriotzaren nondik norakoak argitzeko.

Poliziako iturrien arabera, odol putzu baten gainean zegoen gorpua, labana bat ondoan zuela. Oraingoz, ikertzaileek aukera guztiak zabalik dituzte.

La Olivako Monastegia kalean aurkitu dute hilotza. Bertan dira Udaltzaingoko eta Espainiako Polizia Nazionaleko unitate zientifikoko agenteak, eta ingurua itxi egin dute.

Hasiera batean, biktimaren generoari buruzko zalantzak izan dira, baina, azkenean, polizia iturriek baieztatu dute gizonezkoa dela, eta oraingoz ez dute datu gehiagorik eman.

Azaldu dutenez, banatzaile batek aurkitu du gorpua, 13:30 aldera, eraikineko bigarren solairuko eskailera burura heldu denean, pakete bat entregatzeko asmoz.

Gertakaria izan den atariko bizilagunak harrituta agertu dira eraikinera sartzean edo handik irtetean, eta adierazi dute ez dakitela nor den hildako pertsona eta nola hil den.

16:00ak aldera, Iruñeko beilatoki bateko langileek hildakoaren gorpua furgoi batean sartu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala