Gizartea -

Gipuzkoa

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Kabiaren egoitzetako euskara eskakizunak baliogabe utzi zituen epaia

Auzitegiak ez du onartu Gipuzkoako Foru Aldundiak epai horren kontra aurkeztutako helegitea, eta argudiatu du egoitzetan lan egiteko 54 postuetatik 49tan B1 eta B2 mailak eskatzea aukera berdintasunaren eskubidea urratzea dela. Aldundiak helegitea aurkeztuko du.

Bilboko justizia jauregia, EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza. EFE
Bilboko justizia jauregia, EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza.
Bilboko justizia jauregia, EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Donostiako epaitegi batek Kabiaren egoitzetan 54 lanpostu egonkortzeko lan eskaintza baliogabe uzteko erabakia, eta, horrenbestez, baztertu egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak ebazpen horren kontra jarritako helegitea. Auzitegiaren iritzian, 54 lanpostuetatik 49tan euskararen ezagutza (B1 eta B2 maila) eskatzea aukera berdintasuna urratzen du.

Auzitegiaren epaia ez da irmoa, eta Foru Aldundiak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Auzitegiaren administrazioarekiko auzien salan. 

Iazko urrian eman zuen Donostiako 1. Administrazio epaitegiak Kabiaren lan eskaintzaren kontrako epaia. Hizkuntza eskakizunak "gehiegizkoak eta baztertzaileak" zirela ebatzi zuen, eta onartu bi langilek aurkeztutako helegitea.

Aldundiak epai horren kontra aurkeztutako errekurtsoa atzera bota du orain EAEko Auzitegi Nagusiak, epaitegiaren erabakia berretsita. Gogora ekarri duenez, langileek enplegu publiko bat eskuratzeko aukera berdintasuna oinarrizko eskubide bat da, Konstituzioan jasotakoa.

Auzitegiak argudiatu duenez, administrazioari dagokio "herritarrek administrazioarekin duten harremanetan euskaraz aritzeko duten eskubidea bermatzea, eta hortaz, horren arabera antolatu behar ditu giza baliabideak". Dena dela, argi utzi du ez dela langileen bizkar utzi behar "hizkuntza eskakizuna betetzen duten beharginen eta foru lurraldearen euskalduntze maila handiaren artean dagoen hutsune hori betetzea", aukera berdintasunaren printzipioari eragiten badio behintzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia