Gizartea -
ASMA AKUTUA
Osakidetzak 2024an asma akutuko 3.300 kasu diagnostikatu zizkien 5 urtetik beherakoei
Euskal Osasun Zerbitzuak "Haurren asmaren asistentzia-ibilbidea" egin du, gaixotasun horrek haur eta nerabeetan duen prebalentzia handia dela eta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osakidetzak, Euskal Osasun Zerbitzuak, asma akutuko 3.300 kasu diagnostikatu zizkien 2024an bost urtetik beherakoei. Gaixotasun horrek 235.000 pertsonari eragiten die Euskadin, hau da, autonomia-erkidegoko biztanleen % 10i.
Astearte honetan Asmaren Nazioarteko Eguna dela eta, Osakidetzak patologia horren bilakaerari buruzko datuak eman ditu. Haur eta nerabeen artean prebalentzia handia du, eta kasuen erdiak baino gehiago etapa horietan biltzen dira (117.718).
Adibide gisa, Osasun Sailak azaldu du iaz 5 urtetik beherako haurrei asma akutuko 3.300 kasu antzeman zizkietela.
Osakidetzak ekimenak abian jarrita ditu gazteenei arreta emateko, eta horien artean "Haurren Asmaren Asistentzia Ibilbidea" nabarmentzen da, erreferentzia izan nahi baitu bai eremu klinikoan, bai adingabeei eta haien familiei emandako arretan.
Kontsultetara gaixotasun hori duten paziente adingabe asko joaten direla ohartuta eta irizpide komunak finkatu behar direla iritzita sortu zen zerbitzua.
Gaixotasunak adin txikikoengan eta haien familiengan duen eragin handiari erantzuna ere egin nahi dio, batez ere bizi kalitatearen galeran, baita gaixotasun hori ikusarazteko eta haren gaineko sentsibilizazioa zabaltzeko bidea ere.