Gizartea -
TRAFIKOA
Ertzaintzak N-1ean, Andoainen, kontrako noranzkoan eta alkoholaren eraginpean zihoan gidari bat atxilotu du
Atxilotuak ez zien jaramonik egin agenteek gelditzeko emandako aginduei, eta autoarekin poliziaren ibilgailua jo zuen. Gizona, 48 urtekoa, aurretik ere atxilotu edo ikertu izan du Ertzaintzak, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.
EITB MEDIA
Ertzaintzak gidari bat atxilotu du N-1 errepidetik zihoala, Andoain parean, kontrako noranzkoan eta edari alkoholdunen eraginpean. Atxilotuak ez zien jaramonik egin agenteek gelditzeko emandako aginduei, eta autoarekin poliziaren ibilgailua jo zuen.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, joan den astelehenean, 04:00ak aldera, auto bat kontrako noranzkoan zihoala ikusi zuen trafikoko patruila batek N-1 errepidean, Andoain parean.
Berehala, poliziak autoaren atzetik atera ziren, eta seinale argiak eta akustikoak aktibatu zituzten, autoa geldiarazten saiatzeko. Hainbat ibilgailuk bazterbidera jo behar izan zuten, talka ez egiteko.
Patruilak bere parean jartzea lortu zuenean, gelditzeko argibideak eman zizkion, baina gizonak abiadura handitu zuen. Handik gutxira, poliziaren autoa ere jo zuen, bidea ixten saiatzeko. Azkenean, agenteek geldiaraztea lortu eta gidaria atxilotu zuten.
Ondoren, alkoholemia probak egin zizkioten, eta botatako aire litro bakoitzeko 0,98 eta 1,03 miligramoko alkohol tasak eman zituen, baimendutako gehienezkoa 0,25 miligramokoa denean.
Atxilotua, 48 urtekoa, aurretik ere atxilotu edo ikertu izan du Ertzaintzak lau aldiz, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.